lunes, 29 de diciembre de 2008

Gazteak, sexu biolentziaren eragile


EHUko Soziologiako fakultateak azterketa bat burutu du biolentzia matxistaren gaiaren inguruan, batez ere 15 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduta. Azterketaren arabera, adin honetako gazte euskaldunak ez dituzte bide aproposak eta horregatik, ez dira gai genero biolentzia antzemateko. Gainera, gazte hauen arteko erlazioetan askotan ematen da mutilen menderaketa emakumeen gainetik. Azterketaren helburua, beraz, premia handiarekin arazo honi irtenbidea aurkitzea izango litzateke.
Izan ere, gazte hauek biolentzia egoera baten aurrean egin beharreko gauza nagusia, antzeman, ulertu eta aurre egitea da. Gaur egun, gazteen artean menderakuntza maskulinoaren adibide asko ikusi bititugu. Egoera honek gogoeta bat egitera bultzatzen gaitu. Gazteak, modu horretan jokatzera zerbaitek bultzatzen ditu, ziur aski, helduek egiten dutena ikusita, modu berean jokatzen dute. Horregatik, premiazkoa da arazo larri hau hasieratik moztea, modu batean edo bestean, biolentzia matxistarekin amaitzea gizartearen esku baitago; eta batez ere, gazteen artean ematen denean.

Gauzaharra


Gauzaharra urteko azken gaua da eta denon artean jakina da, gau horretan egoten den parranda ez dela beste edozein larunbatetan bezalakoa.
Gazteentzat, batez ere, gauzaharreko gaua oso garrantzitsua da, gau berezia delako eta gainera gazte askorentzako, bere lehenengo gauzaharra izanik, garrantzia handiagoa hartzen du. Arropa dotoreak, edariak, lagunak... gau bikaina. Baina nora joan? Aukera arruntena tabernatara joatea izango litzateke baina arazo larriena jende kopurua daukagu, hau da, gau horretan normalean baino hamar aldiz jende gehiago dago kalean eta ezinezkoa suertatzen da taberna batean lasai egotea. Horregatik, gau horretarako kotilloiak prestatzen ohi dituzte hirietako hainbat diskoteka edo areto berezietan. Irtenbide hau egokiena iruditu daiteke, baina kotilloi gehienak 50- 60 eurotik gora balio dute eta honek, askok merezi duen pentsaraztea eragiten du.
Gertakizun hau edozein hiri handian gertatzen bada, arazoa ez da hain handia ehundaka taberna eta hamarnaka kotilloi prestatzen direlako, baina gu Irunen bizita atzerakuntza izugarria dela uste dugu. Taberna gutxi egonda jendez betetzen dira; gutxienez aurten kotilloi antzekoa prestatu dute karpa bat antolatuz. Beraz, berritasuna izanda, jendez gainezka egongo dela espero dugu.
Laburbilduz, gauzaharreko gaua urteko gau bereziena izateko fama dauka, baina ez hiri txikietan. Beraz gazteak, sabai bat bilatzeko eginkizuna daukagu urte amaiera iristen den bakoitzean eta hori iritsita, jende gainezkaren eraginez itota hiltzearen kontra borrokatzea bihurtzen da gure helburu.

domingo, 28 de diciembre de 2008

Ikara Pekingo lizentziatuen artean


Aurreko edukiarekin lotuta, pasa den astean, El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri nuen non Pekingo lizentziatuen arazo nagusia azaltzen zuen.
Izan ere, unibertsitateko ikasleek karrera amaitutakoan ez dute lanik aurkitzen eta lanpostu bat lortzeagatik edozer gauza egiteko prest daude, soldata minimoa izanda ere.
Txinak urtero 10 milioi lanpostu sortu behar ditu lan merkatura sartzen direnen eskaera ase ahal izateko. Zoritzarrez, munduko krisi ekonomikoak helburu hori betetzea eragozten du. Hori dela eta, Gobernuko Kontseiluak hainbat irtenbide martxan jarri ditu; besteak beste, enpresei behartu die kanporatze masiboak saihestea. Hala eta guztiz ere, emaitzak ez dira eraginkorrak izan eta unibertsitateko ikasleek ekimen ezberdinak burutu dituzte euren eskubideak lortzeko asmoz; esate baterako, grebak burutu dituzte, kaleak itxi dituzte, polizien kotxeak erre dituzte eta gobernuaren eraikinak setiatu dituzte.
Pekingo ikasleak gero eta haserreago daude lanbideen egoera hobetzen ez dela ikusita. Gobernua gezurretan ari dela sentitzen dute. Euren esfortzua lan on batekin saritua izango zela bermatzen zieten, baina guztia gezurra zen. Ingeniaritza, medikuntza, zuzenbidea edo dena delakoa ikasi arren, ez dute lanik aurkitzen.
Argi dago gaur egun ikasleok, euskaldunak edo pekindarrak izanda ere, zail dugula etorkizun laboral finko bat aurkitzea. Irtenbideak bilatu behar dira lehenbailehen. Esaterako, erretiroa gero eta gehiago luzatu ordez, aurkakoa egin beharko zen. Horrela, lanpostu gehiago egongo lirateke eskuragarri eta gazteok lanpostuak aurkitzea errazago izango genuke.
Beraz, irtenbideak egon badaude, baina ez daude ikasleen esku. Herrialde bakoitzeko gobernuak dira horiek aurkitzen arduratu behar direnak.

lunes, 22 de diciembre de 2008

Gabonetan gazteentzako lanpostu gehiago

Egungo gazteen lan aukera oso eskasa bada ere, badirudi Gabonetan zertxobait hobetzen dela. Izan ere, egun hauetan kontsumismoa da nagusi eta dendek ekoizpena handitzen dute. Gainera, oporrak hartzen dituzten langileen ordezkariak behar dituzte. Hori dela eta, gazteen eskulana bilatzen dute lan horietarako ez baita prestakuntzarik ezta esperientziarik behar.
Batez ere, banaketa lana da aktibitatearen handiagotzea jasaten duen sektorea. Horrez gain, zerbitzu eta merkataritza arloetan ere lanpostuen eskaintza ugariagoa da. Besteak beste, animatzaile, tele-operadore, arropa-saltzaile, paketatzaile, berrezartzaile, sukaldari eta zerbitzari postuak dira gehien eskaintzen direnak.
Hala ere, enpresen eta denden nagusiek gazteen lan egiteko beharraz baliatzen dira eta ordu askoren truke soldata oso baxuak ematen dizkiete. Gazteek egoera horren aurrean ez dute ezer egiten, uste baitute behin behineko lanpostuek curriculumerako lagungarriak izango direla eta krisiaren aurrean beste aukera gehiagorik ez dagoelako.
Beraz, gazteok ez dugu denborarik galtzen. Lan egiteko aukera ikusten dugun momentuan aprobetxatu egiten dugu. Hala ere, ez legoke gaizki egongo guganako errespetua handiagoa izango balitz, batez ere, soldatei dagokionean.

Internet, hezkuntzaren etorkizuna


Gaur egungo gizartea gero eta barneratuago dago mundu digitalean. Gizabanakoaren eguneroko bizitzan teknologiak eta medio digitalak funtsezkoak bihurtu dira. Are gehiago, interneten sorrerak ikasketa ereduan eta helburu hezitzaileetan aldaketa sakonak eragin ditu.
Hori dela eta, orain dela urte batzuk linearen bidezko hezkuntza sortzea planteatu zen, hau da, hezkuntzaren bitarteko nagusia sare informatikoak izatea. Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Italia, esaterako, plan berri hau martxan jartzen ahalegindu dira eta bertako ikastetxeen eta interneten arteko loturak gero eta estuagoak bihurtu dira. Izan ere, interneti esker ikasleek informazioa hobeto interpretatzeko gaitasunak garatu dituzte eta baita informazio hori sormenaren bidez lantzeko gaitasuna ere. Ondorioz, sortutako arrazoiketa kalitatea handiagoa da.
Hezkuntzari dagokionez, internetek hiru paper joka ditzake: hezkuntza tradizionalaren lagungarri, osagarri edo ordezkari gisa. Aipatutako lehena da erabiliena, hau da, ikasleak interneteko informazio anitzaz baliatzen dira euren lanak hobetu ahal izateko, liburuetan edo entziklopedietan bilatu ordez. Hirugarrena berriz, deigarriena da eta, aldi berean, eztabaidatuena. Hain zuzen ere, ikasketa metodologia berri honen bidez ikasle kopuru handiago batetara iritsi ahal izango zen, informazio kopuru anitzagoa eskuragarri egongo zen, etab.
Hala eta guztiz ere, adituen artean iritzi ezberdinak sortu dira gai honen inguruan. Batzuen ustez, interneten bidezko hezkuntza pertsona helduentzako aproposa da, baina ez haur eta gazteentzat, heldutasun maila minimoa beharrezkoa baita. Beste batzuek, ordea, uste dute arreta gehiago jarri behar zaiola transmititzen den ezagutzari mekanismoari baino.
Gure ustez, teknologia berriak eta horien artean, internet, hezkuntzarako lagungarri edo osagarri moduan oso egokiak dira. Hala ere, ez dugu uste etorkizunean irakasleak ordezkatuko dituztenik.

Enperadorearen sindromea


Pasa den astean telebistan “El Castigo” pelikula eman zuten eta emisioaren aurretik filmari emandako gehiegizko publizitatearen eraginez ikustea erabaki nuen. Zeharo hunkituta utzi ninduen. Gainera, Gironan gertatutako eginkizun batean oinarrituta zegoela jakiteak horren inguruko informazioa bilatzeko grina sortu zidan. Aurkitu nuena ikaragarria izan zen.
Daniel Calpasororen film honetan ikus daiteke nola erreformategi batean dauden bost gazte froga fisiko gogorrak egitera behartuta dauden. Horrez gain, etengabeko tratu txarrak eta torturak jasaten dituzte zigor moduan.
Gezurra badirudi ere gertakizun hau Gironako Sant Llorenç de la Muga herrian eman zen. Izan ere, 14 urteko gazte suitzar bat beste hiru lagunekin batera erreformategitik ihes egitea lortu zuen eta Gironako Figueras geltokian aurkitu zuten. Tratu txarren aztarnak zituen gorputz osoan eta, besteak beste, animalientzako kaioletan sartzen zituztela aitortu zuen. Suitzako zerbitzu sozialak izan ziren gazte gatazkatsu suitzarrak Espainiako erreformategi ilegalera bidali zituzten arduradunak. Suitza da, hain zuzen ere, zigor mota honetan sinesten duen herrialdeetako bat.
Guztiok dakigu gaur egun gazte gatazkatsuak daudela nonahi, jarrera autoritarioak eta bortitzak agertzen dituztenak. Ez dituzte arauak errespetatzen eta gurasoak ez dira gai sentitzen euren seme-alabak kontrolatzeko. Adituek gazteen jarrera honi “enperadorearen sindromea” deitu diote.
Egia da, sindrome honentzako konponbidea aurkitzea zaila dela. Adingabekoen Legeak ere ez du asko laguntzen, gazte delitugileei ezartzen zaizkien zigorrak eraginkorrak ez direlako. Hala ere, erreformatorio mota hauetara bidaltzea ez da gizatiarra. Beraz, legean aldaketak egon beharko liratekeela uste dugu eta, gainera, seme-alaba gatazkatsuak dituzten gurasoentzat erraztasun gehiago eskaini beharko lirateke.

lunes, 15 de diciembre de 2008

Dibertsioa= alkohola?


Berri jakin dugu Eusko Jaurlaritzak gazteen artean alkoholaren kontsumoa gutxitzeko kanpaina berri bat zabaldu duela telebista eta irratian emititzeko helburuarekin. Izan ere, kanpaina honek berezitasun bat dauka: gazteei zuzenean bidali ordez, gurasoei eta helduei zuzendutako mezua da. Hau da, helduek beren adibidearekin predikatu behar dute; beren semeei ez edatea esaten badiete, beraiek gauza bera egin behar dute. Kanpaina egitearen arrazoia oso argia da; gaur egungo gurasoek gazteei edatea debekatzen diete baina gero heldu horiek esandakoaren kontrakoa egiten dute eta festa, bazkari edo ekitaldietan mozkortu egiten dira.
Gure ustez, guraso batek ez du inolako autoritate edo sinesgarritasunik izango bere semeari ondo pasatzeko alkohola edatea beharrezkoa ez dela esaten badio eta gero hura bilera familiarretan kontrakoa egiten badu.
Beraz, ondo dago kanpaina mota hauek zabaltzea, nahiz eta gehienetan hauei arreta handirik ez jarri. Baina kontutan izan behar dugu gazteok ez garela alkohol kontsumitzaile talde zabalena; horregatik kanpaina hauek gazteei baino, gizarte osoari zuzendu behar direla azpimarratzen dugu.

Dantzak Nagoreren oroimenez

Atzo, abenduaren 14an ehundaka familia kide eta lagun bildu ginen Irungo Artaleku kiroldegian Nagore Laffage gogoratzeko.
Nagore, sei urte zituelarik, hasi zen gimnasia erritmikoa egiten eta hainbat urte ekin zion dantza mota honi, 18 urterekin Iruñara ikastera joan zen arte.
Egia esan, gure koadrilakoek sorte handia izan genuen antolatzaileek familia, lagun eta autoritateentzako (Irungo alkatea eta Gipuzkoako junta orokorretako zuzendaria, beste batzuen artean) lekua erreserbatu zutelako. Beraz, erdian eta leku hoberenean kokatzeko aukera izan genuen, modu horretan ekintza asko disfrutatuz.
Ekimena hasi aurretik, hainbat detaile izugarri politak ikusi ahal izan genituen. "Por tu ausencia, Nagore, Zure oroimenez" agertzen zen pankarta baten ondoan, Nagorek erabiltzen zituen gimnasiako tresnak kokatu zituzten eta horrekin batera, Nagoreren kide pare batek bi lore sorta kokatu zituzten.
Omenaldian, Gipuzkoako 26 dantza taldeek hartu zuten parte eta ukaezina da emanaldia ederra izateaz gain, oso hunkigarria izan zela. Horrela izanda, bere familia eta lagunok ezin izan genuen malko jarioa ekidin.
Nagoreren amak, Asun Casasolak, esan zuen bezala, ekintza mota hauetatik jasotako babesa indarra ematen digute eta gure borrokarekin jarraitzera bultzatzen gaitu.
Argi dago gure esku artean dagoen bitartean justizia bilatzen jarraituko dugula. Horregatik urtarrilak 17an beste kontzentrazio bat burutuko da Irungo udaletxeko plaza nagusian.

viernes, 12 de diciembre de 2008

Minbizia, garaitu daitekeen erronka

Duela aste bat, unibertsitateko lagun batek bere ikaskideari gertatutako esperientzia kontatu zidan eta zur eta lur utzi ninduen. Hori dela eta, neska honen istorioa zuekin konpartitzea erabaki dut lagungarri izateko asmoz.
Edonork pentsa zitekeen 22 urteko neska honen bizitza erabat arrunta zela, edozein ikasleren bezalakoxea. Dena dela, bazuen berezitasun bat bere ikaskideengan arreta erakartzen zuena; bere argaltasuna, hain zuzen ere. Arrazoi horrengatik arropa zabala janzten zuela pentsatzen zuten askok, baina, usteak besterik ez ziren.
Nire laguna neska honekin lau urtetan zehar ikasten egon da, elkarrekin lanak burutzen; azken finean, ikasleek euren artean izan ditzaketen bizipenak konpartitzen. Laugarren urte horretan bere ikaskidearen sekretua ezagutu du, hau da, bularrean tumore bat zuela. Izan ere, neska honek bi urtetan zehar tumorea ezkutatzen ahalegindu da eta ez dio sekretua inori kontatu nahi izan, ez bere familiari, ez lagunei eta ezta mediku bati ere. Gaixotasuna ezkutatzearen ondorioz, tumorea gaizkitzea eragin zuen eta azkenean ospitalean ingresatu behar izan zuten. Hasiera batean, familia eta lagunek ezin zuten sinetsi neskari gertatutakoa eta, are gutxiago, honek bi urtetan zehar izandako jokabidea.
Gaixotasunarekiko beldurrak eta ezjakintasunak eragin zion jarrera hori edukitzea. Bere eguneroko bizitza naturaltasun osoz eramaten ahalegintzen zen, baina ez zen ohartzen ezjakintasunak edo ahanzteak ez zuela tumorea desagertuko, baizik eta okertu egiten zuen.
Zorionez, ez da beranduegi izan tumorea sendatu ahal izateko, baina bere bizitza arriskuan jarri du. Orain, pixkanaka gaixotasunetik suspertzen ari da.
Jendea eta, batez ere, gazteak ohartu behar dira minbizia edukitzeak ez duela esanahi hiltzera kondenatuta dagoenik. Gainera, gorputzean ezohiko edozer ikusterakoan segituan mediku batengana jo behar dugu. Eta oraindik garrantzitsuagoa dena, ez dugu gaixotasuna bakarrik eraman behar, hau da, familiaren eta lagunen bermea ezinbestekoa da.
Laburbilduz, gizartea minbiziari buruz informazio gehiago izan beharko lukeela uste dugu, neska honek izandako jarrerak gutxitzea eragin dezakeelako. Eta azkenik, animo guztiak neska honentzat eta azkar sendatzea espero dugu.

miércoles, 3 de diciembre de 2008

Abortoa gazteen artean


Azken hamar urteetan abortoen kopurua Espainian bikoiztu egin da; gaur egungo datuen arabera, egunero 307 neskek eten egiten dute beren haurdunaldia.
Izan ere, pasa den urteetako datuen arabera, 112.000 emakumeek abortatu zuten 2007. urtean, 2006an baino %10 gehiago.
Betidanik jakin dugu asko direla erabaki garrantzitsu hau hartzen duten emakumeak, baina harritzekoa da gaur egun emakume gehienak oso gazteak izatea. Aborto gehienak 20-24 urte bitarteko neskeen artean ematen dira, baina 19 urtetik beherako nesken kopurua ere izugarri handituz doa; azken urte honetan nesken %13ak abortatu du 19 urte baino gutxiagorekin.
Espainian haurdunaldiaren etena hiru arrazoiengatik burutu daiteke: amaren bizitza arriskuan egotea, fetoa deformazio handiak izatea edo haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa izatea.
Hiru arrazoi hauek guztiz egokiak dira, beti ere, pertsona baten bizitza eta segurtasuna kolokan badago.
Izan ere, badira neska ugari haurdun geratzen direnak bikotearen errespontsabilitate falta baten eraginez. Ondorioz, neska horiek haurdunaldia gelditzea erabakitzen dute.
Bakoitzak badaki zer egin behar duen bere bizitzarekin, baina ume bat bizitzea ala ez erabakitzeko eskubidea ez dugula uste dugu. Hau da, ez zaigu ondo iruditzen jendea abortatzea, haurdunaldia babes faltagatik izan bada edo haur bat nahi ez duelako. Lehen esan dugun moduan, ez dugu eskubiderik pertsona baten bizitzarekin jolasteko.
Zaila bada ere, gure gizartean abortoen kontua kontrolatuagoa egon beharko lukeela uste dugu eta hau burutzeko arrazoiak pisukoak izan beharko lirateke.

martes, 2 de diciembre de 2008

Fakultatea, etsipen handia?

Berri jakin dugunez, unibertsitateko hiru ikasleetatik batek ikasketak bertan behera uzten ditu. Arrazoi nagusiak bokazio falta eta desilusioa dira.
Egia esan, larrituta geratu gara datuak ezagututa, ikasleen %20 ez baititu gustoko ikasketak burutzea, hiru ikasleetatik batek ikasketak kurtsoaren erdian utzi egiten ditu eta ikasleen %30 karrera lehenengo kurtsoa amaitu ondoren utzi egiten du.
Izan ere, ikasle askok ez dute maite ikasten dutena eta beste askok ez dute biderik ikusten etorkizunari begira.
Honen adibide argia gure karrera da; kazetaritza. Guri, pertsonalki, mila aldiz errepikatu digute kazetaritzan dagoen lan falta eta etorkizunean beste edozein lanetan arituko garela.
Egia izan daiteke, baina espero dugu ezetz. Gutxienez, zoriontsu izango gara gustuko duguna ikasi dugulako.
Honek ez du esan nahi gure etorkizunean pentsatzen ez dugunik. Baina, biziki espero dugu gauzak aldatzea eta ikasle guztiak zoriontsu izateaz gain, ikasitakoaren inguruan lana aurkitzea.
Modu horretan, hasieran aipatutako datu etsigarriak murriztu lirateke.

Euskara kolokan Batxillergoko ikasketetan

Pasa den ikasturtean 1629 ikasle euskaldunek beren ikasketen hizkuntza aldatu egin zuten. Hau da, B (erdia euskaraz eta beste erdia erdaraz) eta D (dena euskaraz) ereduetan aritzetik, A eredura (dena erdaraz) aldatu ziren.
Nahiz eta kopuru hau murritza izan gainontzeko ikasle euskaldunen kopuruarekin alderatuz, kontutan hartu beharreko zenbakia dela uste dugu.
Izan ere, euskara gure hizkuntza da eta gazteek hori baztertu nahi izatea arazo larria dela uste dugu. Horregatik, honen arrazoiak ezagutu behar dira eta arduradunek ahal duten guztia egin behar dutela pentsatzen dugu; berri ezagutu dugun kopuru hau handitzen jarraitu ez dadin.

domingo, 30 de noviembre de 2008

Goi mailako prestakuntza zikloa edo unibertsitate ikasketak?


Gurasoen %75a beren seme-alabek unibertsitate ikasketak burutzea nahiago dute goi mailako prestakuntza ziklo bat baino. Dena dela, goi mailako zikloek eskaintzen dituzten abantailak gero eta erakargarriagoak bihurtzen ari dira ikasleentzat eta bi aukeretatik zeinen alde egitea dudakoa suertatzen ari da zenbait kasutan.
Izan ere, uste hedatua da unibertsitateko ikasleek gehiago kobratzen dutela; baina, zein unibertsitate ikasketak egiten dituzunaren arabera gerta daiteke horrela ez izatea. Gainera, zenbait ikerketek aurkitu dute goi mailako zikloa burutu dutenen langabezien tasa baxuagoa dela unibertsitarioena baino. Horrez gain, goi mailako zikloa ikasi dutenen %80a sei hilabete baino lehenago lana aurkitzen du; unibertsitarioen kasuan berriz, %50ari baino ez zaio hori gertatzen. Eta horiek ez dira goi mailako zikloen abantaila bakarrak. Alabaina, zikloa bi urtetan burutzen den bitartean, unibertsitate ikasketak gutxi gorabehera bost urtetan egiten dira.
Beraz, goi mailako zikloen inguruan zeuden topikoak pixkanaka desagertzen ari dira; besteak beste, ikasteko balio dutenak unibertsitatera joaten direla eta balio ez dutenak berriz, goi mailako zikloetara. Argi dago, zikloek garapen handia izan dutela eta ikasle guztiak ez dira zertan unibertsitatera joan behar etorkizun laborala bermatu ahal izateko.
Hala eta guztiz ere, ez da bidezkoa egungo unibertsitarioei ematen zaien tratua eta bi aukera hauen arteko aldeak handiagoak izan beharko liratekeela uste dugu. Ez da bidezkoa lizentziatura eta master bat edukita goi mailako zikloa egin duen pertsona baten soldata antzekoa izatea.
Beraz, unibertsitate ikasketei dagokionez aldaketak egotea espero dugu, ingeniaritza edo medikuntza ikasten ez dugunok ere etorkizun laboral duin bat merezi dugu eta!

Hamar drogazaletik bat nerabea


Nerabeek kokaina bezalako substantziak gero eta adin txikiagoarekin kontsumitzen dituzte. Haurrentzako eta gazteentzako psikiatria-kontsultak gaixo-mota berriekin betetzen hasi dira. Haurrak 11 edo 12 urterekin alkohola kontsumitzen eta haxixa erretzen hasten dira. 15 urte bete dituztenerako beste substantzia batzuetara pasatu dira asko: besteak beste, kokaina, anfetaminak, edota ketamina, albaitariek animalientzako lasaigarri gisa erabiltzen duten haluzinogeno handi bat.
Baina, zer gertatzen ari da egungo gazteekin? Zer dela eta jotzen dute euren bizitzak arriskuan jartzera?
Gazteak drogaren munduan gero eta gehiago murgiltzen dira. Arrazoia ez da gaiaren inguruko informazio eza dutenik edota arriskuak zeintzuk diren ezagutzen ez dituztenik, baizik eta bizitza estilo ezberdin bat bizitzeko nahia da guzti honen iturburu. Izan ere, haientzat drogek dibertimendua eta eguneroko bizitzaren deskonexioa bermatzen dute.
Horrez gain, drogamenpekotasuna jasaten duten askok eskola-porrotarekin eta delitu-egintzarekin zuzenean lotuta daude. Pertsona hauengan eskola-absentismoa eta lau irakasgai baino gehiago suspendituta edukitzea ohikoa da edota, oraindik okerragoa dena, ikasketak utzi dituzte eta ez dute lanik ere egiten! Izan ere, eskola edo institutuko irteera, diskotekak edo parkea drogak kontsumitzeko toki bihurtzen dira.
Ikerketek diotenaren arabera, drogak kontsumitzen dituzten gazteen %76a mutilak dira eta %24a neskak. Gainera, hauek ez dira euren menpekotasunaz ohartzen eta gehienetan gurasoak dira beren seme-alabak tratamendu baten esku jartzera bultzatzen dituztenak.
Gezurra badirudi ere, drogamenpekotasuna gero eta nabarmenagoa da gazteen artean. Egoera honen hedapena ekiditeko funtsezkoa da gazteek drogaren egoeraz jabetu daitezen. Beraz, zenbat eta gehiago jakin drogari buruz, orduan eta hobeago aurre egingo diogu!

Gazteen gorputz-jarrera ezegokia


Zenbat aldiz kexatu gara bizkarreko edo lepoko mina dugulako? Gezurra badirudi ere gizarteko %90a bizkarreko mina duela aitortzen du. Oinaze hauek, batez ere, lan edo ikasketa garaietan ematen da, sasoi horietan etengabe egon behar baikara idazmahai edo ordenagailu baten aurrean edota, ikasleen kasuan, egunero bizkarrean kristoren zama eramaten.
Etengabeko gorputz-jarrera ezegokiek bizkarreko min kronikoak sor ditzakete. Hori dela eta, hainbat aholku emango dizkizuegu, lagungarriak izatea espero dugularik.
Hasteko, motxilen gehiegizko pisua saihestu. Honek zona lunbarrean eragiten du batez ere eta, horregatik, motxilaren beheko aldea gerritik 5 cm gorago kokatuta egon behar da. Beraz, motxilak ipurdiko altueran ipintzearen moda zeharo kaltegarria da! Horrez gain, motxilaren tiranteen zabalera gutxienez 4 cm-koa izatea gomendatzen da eta motxila bi sorbaldetan eraman; horrela, barneko pisu guztia egoki banatuta egongo da.
Bestetik, idazmahaiari dagokionez, tiraderarik eta beheko apalik gabekoak dira zuzenenak. Modu horretan, hankak bete-betean sar daitezke hutsunean. Gainera, mahaiaren altuera egokia izateko besaurreak bertan ondo finkatuta egon behar dira gorputza tente egotea eraginez. Aulkia berriz, erregulagarria izan behar da ikaslearen hazkundearekin doitu ahal izateko eta oinak lurrean ongi finkatuta geratu behar dira.
Azkenik, ordenagailu edo eramangarrien inguruan honako hau azpimarratzekoa da: pantaila 45 cm-ko distantzian ipini behar da, begien altuera baino pixka bat beherago. Inoiz ez dugu teklatua belaunean jarri behar eta aulkia teklatutik ahalik eta hurbilen ipini behar da, jarrera inklinatua ekiditeko.
Egia da arau guzti hauek ikasle gutxi batzuk betetzen dituztela, baina gorputz-jarrera ezegoki hauek lehenbailehen aldatuz gero, etorkizunean bizkarreko eta lepoko min ugari saihestu ahal izango ditugu. Gure gorputzak eskertu egingo digu; beraz, ez dezagun denborarik gal!

domingo, 23 de noviembre de 2008

Gehiegizko indarkeria diskoteketan



Pasa den astean Madrilgo diskoteka bateko segurtasun gizonek borroka bat sortarazi zuten gazte batekin. Zoritxarrez, borrokaren garrantzia handituz joan zen eta azkenean segurtasunekoek gaztea hil zuten.
Azken denboraldian gai honekin erlazionatutako berri asko entzuten ari gara eta honek gogoeta serio bat egitera bultzatu gaitu.
Erabat normala da gaur egungo gazteak parrandan joatea, lagunekin ateratzea eta ondo pasatzea. Normala ez dena da, ateratze hori arriskutsua izatea eta, are gutxiago, gazte errugabe bat hila suertatzea.
Beraz, argi dago erabat beharrezkoa dela segurtasun langileak festa guneetan egotea, baina gazteen gain boteretsu sentitu gabe eta are gutxiago biolentzia erabiliz.
Gure ustez, berri hau gazte guztiongan eragina dauka gure segurtasuna kolokan ikusten baitugu.

Sukaldaritza, gainditzear dagoen irakasgaia

Dieta mediterraneoa zein den badakigu, elikadura-piramidea oso abiadura handian errezita ditzakegu; baina, nork daki benetan janaria prestatzen?
Bai, gazteez ari gara, 18 urterekin oraindik sukaldean maneiatzen ez dakiten gazteez. Izan ere, ikasle askok etxetik kanpoko esperientziak lehendabiziko aldiz bizi behar dituztenean, guztiz ezezagunak diren etxeko lanekin topatzen dira. Horien artean, janaria prestatzearen arazoa dago.
Ekintza honen ezjakintasunak gurasoek prestaturiko “tupper”ak, aldez aurretik prestatua izan den janaria eta pasta eta plantxan prestatutako haragi ugari jateko ohitura sortzen du ikasle askorengan. Eta jakina, okerkeria honek kalteak besterik ez ditu eragiten; ezagunena, gizentasuna da.
Arazo hau ekiditeko herrialde ezberdinetan mota askotako irtenbideak martxan jarri dituzte. Esate baterako, Britainia Handian, Jamie Oliver sukaldari ospetsuak, sukaldaritza eskoletako derrigorrezko irakasgaia izatea bultzatzen ari da eta, badirudi, 2011. urtetik aurrera horrelaxe izango dela.
Eta ez hain urruti, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPN) hain zuzen ere, gazteen artean sukaldaritza sustatzeko beste ideia bat izan zuten. Unibertsitateko kafetegia bat-bateko sukaldea bihurtu zuten eta bertan José Luis Aranguren sukaldariak eta Itxaso Oiza dietistak janari osasuntsua modu erraz batean prestatzeko klaseak eman zizkieten ikasleei.
Hala eta guztiz ere, ongi eta anitz jaten ikasteko bultzatu diren ekimenak urriak izan dira eta gazteek ez dute interesik agertzen euren kontuz ikasteko. Hortaz, gure ustez, ikastoletan sukaldaritza hautazko irakasgai gisa egon beharko litzateke, eraginkorragoa eta baliagarriagoa delako musika edota plastika ikastea baino.

Gazteen ezjakintasuna sexismoaren inguruan

Pasa den astean El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri genuen gazteak euren erlazioetan indarkeria sexistaz ohartzen ez direla azaltzen zuena. Guztiz deigarria iruditu zitzaidan uste bainuen jarrera sexistak gero eta urriagoak zirela denbora pasa ahala eta, are gehiago, gazteen artean. Baina, badirudi oker nengoela.
Albistean irakur zitekeen nola gizonek emakumeak mendean hartu dituzteneko egituretan hazi eta hezi diren egun unibertsitatean dauden gazteak. Generoen araberako rol eta estereotipoak oinarri hartuta eraiki dituzte maitasunaren eta erakargarritasunaren inguruko ideiak. Dena dela, hori ez da arazo larriena, jarrera horretaz ohartzen ez direla baizik. Uste dute genero indarkeria helduen bikote harremanetan soilik gertatzen dela.
Izan ere, 18 eta 20 urte bitarteko unibertsitateko ikasleei egindako inkesta batek zioen emakumeek babesa eta segurtasuna ematea eskatzen diotela bikotekide idealari; gizonek, aldiz, emakume politak eta erakargarriak nahi dituzte. Beraz, eskakizun hauek argi uzten dute estereotipo tradizionalak indarrean jarraitzen dutela.
Gainera, emakume gazteei zaila egiten zaie bortizkeria zantzuak identifikatzea, batez ere, indarkeria fisikorik ez dagoenean. Adibidez, neskek ez dute gaizki ikusten gizonek eskuko telefonoa miatzea, emakumeei bere lagunekin joan ez dadin eskatzea edo nola jantzi behar duten esatea.
Hortaz, argi dago egungo gazteriaren hezkuntzan sexismoa zintzilik dagoen gaia dela eta gehiago edo hobeago jorratzea izango litzateke egokiena, etorkizunean indarkeria sexistan oinarritutako bikoteak egotea nahi ez badugu.

miércoles, 12 de noviembre de 2008

Internet, gazte baten hilketaren errudun


Gaur egun ohikoa da gazteen artean internet erabiltzea. Izan ere, "messenger", "fotolog" edo "tuenti" erabiltzen ez duen gaztea arrarotzat hartzen da.
Hasiera batean, errudunak diruditen web gune hauek gazteen artean erabiltzen ziren euren artean hitz egiteko, argazkiak erakusteko eta jendea ezagutzeko.
Dena den, jakin dugu mutil batek 14 urteko neska bat hil duela, neskak bien arteko argazki batzuk jarri zituelako "fotolog" izeneko gunean.
Gure ustez, oso larria da internet hilketa baten arrazoia izatea eta, are gehiago, 14- 15 urteko gazteen artean ematen bada. Beraz, gazteen arteko interneten erabilera kontrolatuagoa egon beharko litzatekeela biziki defendatzen dugu.

Autonomia arazoak

Bilbon aurkeztu den azterketa baten arabera, gaur egungo gazte euskaldunok ez dugu inolako erraztasunik etxetik alde egiteko. Honen arabera, gazteek gero eta beranduago irteten dira gurasoen etxetik arrazoi zehatz batengatik: autonomia ekonomikoa norberaren etxea mantetzeko. Azterketaren arabera, gazteek etxetik alde egiteko beharrezkoak diren faktoreak 30 urte betetzerakoan lortzen dituzte. Izan ere, gazte espainolak eta horien artean euskaldunak, portugaldar eta italiarrekin batera, etxetik beranduen alde egiten dutenak dira Europa osoan.
Beraz, argi dago gazteak alferrak garela mantentzen duen mitoa ez dela egia eta politikoek kontu honetan arreta gehiago jarri beharko luketela uste dugu.

Itxura gaitasunen gainetik

Pasa den astean gure ezagun batek arropa denda batean lan egiteko elkarrizketa egin zuen. Bertatik lortu zuen erantzuna ezin zen okerragoa izan. Curriculumean ikasketak eta esperientzia profesionala azaldu arren, denda horretan lan egitea ukatu zioten. Arrazoia sinplea zen: itxura fisikoa.
Ikusi dugunaren arabera, gaur egungo multinazionalek garrantzi handiago ematen diote aparientzia fisiko eta publikoari begira ematen den irudiari, lan egiteko gaitasunei baino.
Ez da beharrezkoa esatea hautaketa irizpide hau erabat bidegabekoa dela. Hala ere, gaur egungo gazteek bizi eta jasan behar dugun arazoa da.

domingo, 9 de noviembre de 2008

Odol emaileen kopurua gora


Azken urteetan odol emaileen kopurua handituz joan da. Aipatzekoa da kopuru hori asko igo dela, batez ere, Euskadin eta gazteen artean. Euskadiko odol emaileen elkarteak odola ematearen ideia bultzatzen ari da eginkizun desberdinen bidez; aipagarriena, autobusarena da. Honen bidez, mediku eta erizainez osatutako autobus berezi bat hiriko puntu desberdinetan kokatzen da, horrela emaileei erraztasunak eskainiz. Puntu zehatz bat unibertsitatea izango litzateke eta, gure kasuan, Leioako kanpusa. Bertan gazteei odola ematea eskatzen diete, hauek baitira pertsona osasuntsuenak eta odola emateko aproposenak.

Aste hauetan zehar autobusa Leioako kanpusean gazteen zain egongo da. Beraz, guztioi animatzen zaituztegu laguntza hau emateko; oso gutxiren truke gauza handia lortu ditzakegulako.

sábado, 8 de noviembre de 2008

Gazteak, etorkizuneko belaunaldi gorra

Azken urteotan teknologiaren garapena egundokoa izan dela zalantzarik gabekoa da. Hala ere, aurrerapen honek ez du soilik biztanleen bizitza hobetu. Teknologia berrien erabilera txarra edo gehiegizkoa baldin bada arazoak sor ditzake.
Hain zuzen ere, honen adibide argia iPod-a eta mp3-a dira. Kalteak, batez ere, gazteek pairatzen dituzte hauek baitira gehien erabiltzen dituztenak.
Zientzialariek eta adituek aurkitu dute gazteen artean entzute-arazoak garatzen ari direla musika bolumen altu batean entzuten dugulako. Izan ere, mp3 edo iPod batekin 115-120 dB-ko bolumena duen musika entzun daiteke. Adituek diote 85 dB-ko soinuak denbora luzez entzutea entzute-arazo larriak sor ditzakeela. Beraz, imagina ezazue 120 dB-koak entzuten baditugu!
Honek dakarrena da gazteak helduen belaunaldiko entzute-arazoak goizago garatzea. Hortaz, 70 urterekin ohikoak diren entzute-arazoak gazteok 50 urterekin pairatuko ditugu. Benetan, hori al da lortu nahi duguna?
Entzumenaren galerak bizitza erabat zaildu dezake, gure familia eta lagunen arteko komunikazioa zeharo oztopatzen baitu.
Hori dela eta, beranduegi izan baino lehen, alda ditzagun gure etorkizuna!

SMS hizkera


Atzo, azaroak 7, Tele 5eko teleberrian gaur egungo gazteek dena laburtuta idazteko ohiturari buruz hitz egin zuten. Moda hau "SMS hizkera" gisa izendatu zuten.
Gai honen inguruan gogoeta egin ondoren konturatu nintzen berriak agertutakoa egiazko jazoera dela. Hau da, egungo gazteen ehuneko handi batek, horien artean unibertsitateko ikasleak, ez daki zuzen idazten eta akats ortografiko lotsagarriak egiten ditu. Esate baterako, messengerra, mugikorren bidez mezuak bidaltzea, Bloga, Tuentia eta abarrek eragin dute hitz guztiak laburtzearen moda.
Eta ez hori bakarrik, gaztelaniaz idaztean, "que" jarri ordez "k" edo "q" idazten dugu, "por" ordez "x", galdera eta harridura ikurrak esaldiaren amaieran soilik idazten ditugu, "h"ak zuzenean ez ditugu idazten eta mota honetako beste hainbeste aldaketak burutzen ditugu.
Hasiera batean, hizkera hau mugikorreko mezuetan bakarrik erabiltzen zen mezua merkeagoa izateko helburuarekin. Hala ere, moda hau arlo askotara hedatu da eskolan idazlan zuzen bat idazten ez jakiteraino! Sinestezina, ezta?
Beraz, gogoeta egin beharko genuke hizkuntza bat bere hiztunen maila ekonomikoaren edo, sinpleki, alferkeriaren menpe egotea merezi duen ala ez.

domingo, 2 de noviembre de 2008

Eztanda Nafarroako unibertsitatean


Pasa den ostegunean, urriak 30, ETAk bonba bat jarri zuen Nafarroako unibertsitateko campusean, goizeko 12ak inguruan lehertu zena. Hainbat zauritu egon arren, ez da hildakorik suertatu eta horregatik ikasle gazteek hainbat mobilizazio prestatzeko indarra atera dute. Ostiralean, goizeko 12etan kontzentrazioak egon ziren batez ere Nafarroako unibertsitatean, baina baita Donostian eta Bizkaiako campusetan ere.
Izan ere, ostiralean bertan ikasleak klasera bueltatu ziren, modu horretan atentatua salatu nahi zuten eta, aldi berean, ETAren ekimenak ez dituztela bildurtuko argi utzi.
Beraz, gaur egungo gazteek ahotsa eta iniziatiba dute eta nahiz eta gazteak izan gauza on asko egiteko gai direla erakutsi dute.

sábado, 1 de noviembre de 2008

Bizkaibus, gero eta garestiago


Unibertsitatera joateko ikasleon eguneroko bidaia gero eta garestiago bihurtzen ari da.
Gaur egun, Bilbotik Leioara joateko, Creditrans-ari esker 1,05€ ordaintzen dugu bidai bakoitzeko. Hortaz, astean bost egunez klaseak edukiz gero 10,5 € ordaintzen dugu, hau da, hilean 42 € edo, berdina dena, kurtso osoan 336 €. Ez dago eskubiderik!
Lapurreta honen aurka ekimen ezberdinak burutu diren arren, ez da inolako emaitza positiborik lortu. Hala ere, ikasleok ez dugu etsi behar. Ez dugu zertan gehiegizko prezio hauek ordaindu behar zerbitzu osogabe batengatik.
Izan ere, Bizkaibus oso garestia izateaz gain, zerbitzuaren kalitatea ere nahiko eskasa da. Esate baterako, maiztasun gutxiko zerbitzua da, askotan autobusak geltokietara berandu iristen dira edota, sinpleki, ez dira iristen (Hori dela eta klaseetara berandu iristen gara, eta ez lo geratu garelako), ez dute autobusen aforoa errespetatzen errefortzuak ez jartzeagatik, eta abar luze bat.
Beraz, anima zaitezte Bizkaibusen prezioen aurka burutuko diren ekimenetan parte hartzera eta protesta ditzagun prezio duinen alde!

lunes, 27 de octubre de 2008

"Welcome to Donostia"

Aurreko astean, EHUko Donostiako unibertsitatean ongi etorria eman zitzaien atzerritik etorri diren ia 600 ikasleei.
Hauek Erasmus, SICUE, Seneca eta Hego-Ameriketatik datozten ikasle amerikarrak, europarrak eta asiarrak dira eta Euskal Herriko hiru probintzietako campusetan banatuko dira.
Proiektu hau urtero burutzen da eta gero eta ikasle gehiago animatzen dira atzerriko kultura eta hizkuntza ezberdinak ezagutzera.
Euskal unibertsitateentzat ekonomikoki lagungarria izateaz gain, ikasleen espediente akademikoan horrelako ikasketak adukitzea enpresek baloratu egiten dute.
Ez dago zalantzarik proiektu honek duen arrakastaz; beraz, ANIMA ZAITEZTE!

martes, 21 de octubre de 2008

Gazteen interes politikoa kolokan


Pasa den astean Diario Vasco egunkariak Gipuzkoako gazteei zuzendutako inkesta telefonikoa burutu zuen; helburua, gazteek duten interes politikoa neurtzea zen.
Emaitzak ezagutzean, aurkitu zuten gazteek ez dutela inolako interesik politikan eta nahiago dutela beren interesa beste gaiei bideratzea, kirolak edo musika, esate baterako.
Horrez gain, jakin ahal izan zuten gazte gipuzkoarrek gehiago dakitela Estatu Batuetako hautezkundeetaz, Gipuzkoako mugimendu politikoetaz baino, hau da, Obama eta McCainn askoz ezagunagoak dira Markel Olano baino, adibidez.
Beraz, argi dago gaur egun politika arloak ez duela tokirik gazte gehienen bizitzan.

"Aunque la mona se vista de seda, mona se queda"

Pasa den ostiralean medikuntza eta zuzenbideko festa ospatu zen Bilboko "Fever" diskotekan.
Hori dela eta, sarrera oso kontrolatuta zegoen edo gutxienez, hori zirudien.
Diskotekara bost lagun joan ginen baina batek oraindik ez ditu 18 urte bete eta gainera ez da asko apaintzen , beraz, nortasun agiria eskatu zioten eta adina ez zuela ikusterakoan ez zioten sartzen utzi.
Baina neskak ilea aldatu, aurpegia makillatu, arropaz aldatu eta pixka bat apaindu zenean, berriz saiatu eta sartzen utzi zioten.
Beraz, nahiz eta gazte bat apaindu eta helduago iruditu, adina bera izaten jarraituko du, baina segurtasun gizonek arreta gehiago jartzen diote irudi fisikoari adinari baino.

Nagore, zure oroimenez

Larunbatean, urriak 18, Irungo San Juan plazan Nagore Laffageren oroimenez kontzentrazio bat burutu zen. Nagore gure koadrilakoa zen eta San Ferminetan, uztailak 7, OPUSeko psikiatriako irakasle batek hil egin zuen.
Geroztik, ekimen ezberdinak ospatu dira Nagore gogoratzeko eta epaiketan lagungarri izateko. Azkena, larunbatekoa izan zen. Bertan ehundaka pertsona bildu ginen, eszenatoki batean Nagoreren argazki handi bat zegoen eta azpian bere lagunek pankarta bat eusten genuen. Musikari batek txeloarekin pieza bat jotzen zuen bitartean, Nagoreren amak eta anaiak arrosa txuri bat jarri zuten argazkiaren ondoan eta ondoren, guk kandelekin inguratu genuen gaua erortzen zen bitartean.
Jende guztiaren txalo beroek eta bermeak indarra ematen digu honelako eginkizunak ospatzen jarraitzeko, beti ere, gure lagunaren oroimena gordetzearren.

NAGORE BETI GOGOAN, BETI BIHOTZEAN

domingo, 19 de octubre de 2008

Bidegabekeria azterketetan

Iazko otsaileko azterketetan Publizitateko irakasgaiarekin arazoak izan genituen, Bilboko Zabalburu auzoan autobusa hartzen genuen zortzi ikasleok azterketa egin gabe geratu ginelako.
Izan ere, azterketa egunean, Leioara joateko hartu behar genuen autobusa ez zen goiz osoan agertu. Hori ikusita, geltokian geudenak beste garraiobide batzuk hartu behar izan genituen. Hala ere, azterketara berandu iritsi ginen eta andereñoak ez zigun azterketa egiten utzi. Zer gertatu zitzaigun azaldu arren, ez zigun sinetsi.
Orduan, "Transportes Colectivos" enpresara joan ginen eta bertan frogagiri bat eman ziguten. Zabalburu auzotik gertu istripu bat egon zela azaltzen zuen eta, ondorioz, autobusa geltokira iritsi ez zela. Berriz ere Publizitateko andereñoarengana joan ginen. Frogagiria erakutsi eta azterketa egiteko beste aukera bat eskatu genion, baina ezetz esan zigun klasearekin konten ez zegoelako aitzakia emanez.
Azkenean, ez genuen ezer lortu eta azterketa errekuperazio egunetan egin behar izan genuen.

jueves, 16 de octubre de 2008

Iruzurra

Aurtengo uztailean klaseko neska bat lagunekin Saloura joan zen oporretan aste batez.
Zoritxarrez, gainean zuten apartamentua urperatu zen eta ondorioz, beraiena ere. Agentziak beste bi apartamentu txikiagoak eskaini zizkien eta horietan bizi ahal izateko lagun taldea banatu behar zen. Apartamentuak txikiegiak izateaz gain, bizi-baldintzak ere penagarriak ziren; esate baterako, ur berorik ez zegoen, argiarekin arazoak zeuden, higiene falta zegoen, etab.
Beraz, agentziari kexatu eta honek beste apartamentu bat eskaini zien. Azken honetan berriz, jendea bizi zen jadanik.
Azkenean, zazpi apartamentu ezberdinetan egon ziren eta, gaur egun, abokatuen bitartez iruzurra konpontzen saiatzen ari dira galdu zuten dirua berreskuratzeko asmoz.

martes, 14 de octubre de 2008

Gazteak, lanesku merkea

Pasa den udan, lagun bat hipermerkatu batean 5 egunez lan egin zuen.
Egunero 7 ordu aritu zen berrezartzaile gisa. Txekea kobratzeko orduan nagusia desagertu egin zen eta nagusi berriak ez zekien ezer gai horren inguruan.
Azkenean, laguna hiru hilabetetan zehar etengabe bulegora deitu ondoren arazoa konponduta zegoela uste zuen, baina txekea ikusterakoan orduko 3 euro kobratu zituela aurkitu zuen.
Beraz, argi dago enpresek gazteak kontrolatzen dituztela eta ez dutela inolako arazorik ordu askoren truke miseria bat ordaintzeko.

jueves, 9 de octubre de 2008

110 euroko telefono faktura

Festetan ohikoa da jende gaztea parrandan joatea, edatea, ondo pasatzea eta hurrengo egunean erresakarekin ohetik altxatzea. Arrunta ez dena da horretaz gain, ehun euro inguruko faktura batekin topatzea. Hori da Bilboko neska bati aurtengo Bilboko Aste Nagusian gertatu zaiona.
Neskari telefono mugikorra lapurtu zioten eta ondoren ez zuen telefonoaren txartela baliogabetu eta ustez, lapurrak tarte horretan Errumaniara hainbat dei egin zituen.
Beraz, neskari dei horiek 110 euro kostatu zaizkio. Orain telefono konpainiak diru hori itzuliko dioen zain dago.

miércoles, 8 de octubre de 2008

Lapurketa Sarriko auzoko pisu batean

Pasa den larunbatean, urriak 4, gelakide baten pisuan lapurreta bat gertatu zen.
Jakin dugunaren arabera, pisuko kideak asteburuan beren herrietara joan ziren bat izan ezik eta bakoitzaren objektu pertsonalak pisuan utzi zituzten, ordenadore portatilak barne. Larunbat arratsaldean pisuan geratu zen neskak alde egin zuen, atea giltzaz itxi gabe eta lapurrek tarte horretaz baliatu ziren etxean sartzeko.
Txartela bat erabiliz pisuan sartu zirela uste dute, sarraila bortxatuta ez zegoelako. Lapurrek ordenagailuak solik eraman zituzten.
Gazteek salaketa jarri dute komisaldegian eta zer gertatuko den zain daude.
Beraz, mota hauetako arazoak gerta ez dadin, pisuetan bizi diren ikasleei xehetasun hauei arreta gehiago jartzea gomendatzen diegu.

martes, 7 de octubre de 2008

Agurra

Kaixo!! Ainara eta Irati gaituzue eta Blogg honen bitartez gazteei eta hauen inguruan gertatzen diren berriei buruz hitz egingo dizuegu, berri horiek positiboak edo zorigaiztokoak izan daitezkeelarik.

Besterik gabe, espazio hau gure kontakizunez jorratzen hasiko gara eta denen gustokoa eta interesekoa izatea espero dugu.

Agur!