lunes, 22 de diciembre de 2008

Enperadorearen sindromea


Pasa den astean telebistan “El Castigo” pelikula eman zuten eta emisioaren aurretik filmari emandako gehiegizko publizitatearen eraginez ikustea erabaki nuen. Zeharo hunkituta utzi ninduen. Gainera, Gironan gertatutako eginkizun batean oinarrituta zegoela jakiteak horren inguruko informazioa bilatzeko grina sortu zidan. Aurkitu nuena ikaragarria izan zen.
Daniel Calpasororen film honetan ikus daiteke nola erreformategi batean dauden bost gazte froga fisiko gogorrak egitera behartuta dauden. Horrez gain, etengabeko tratu txarrak eta torturak jasaten dituzte zigor moduan.
Gezurra badirudi ere gertakizun hau Gironako Sant Llorenç de la Muga herrian eman zen. Izan ere, 14 urteko gazte suitzar bat beste hiru lagunekin batera erreformategitik ihes egitea lortu zuen eta Gironako Figueras geltokian aurkitu zuten. Tratu txarren aztarnak zituen gorputz osoan eta, besteak beste, animalientzako kaioletan sartzen zituztela aitortu zuen. Suitzako zerbitzu sozialak izan ziren gazte gatazkatsu suitzarrak Espainiako erreformategi ilegalera bidali zituzten arduradunak. Suitza da, hain zuzen ere, zigor mota honetan sinesten duen herrialdeetako bat.
Guztiok dakigu gaur egun gazte gatazkatsuak daudela nonahi, jarrera autoritarioak eta bortitzak agertzen dituztenak. Ez dituzte arauak errespetatzen eta gurasoak ez dira gai sentitzen euren seme-alabak kontrolatzeko. Adituek gazteen jarrera honi “enperadorearen sindromea” deitu diote.
Egia da, sindrome honentzako konponbidea aurkitzea zaila dela. Adingabekoen Legeak ere ez du asko laguntzen, gazte delitugileei ezartzen zaizkien zigorrak eraginkorrak ez direlako. Hala ere, erreformatorio mota hauetara bidaltzea ez da gizatiarra. Beraz, legean aldaketak egon beharko liratekeela uste dugu eta, gainera, seme-alaba gatazkatsuak dituzten gurasoentzat erraztasun gehiago eskaini beharko lirateke.

No hay comentarios: