domingo, 28 de diciembre de 2008

Ikara Pekingo lizentziatuen artean


Aurreko edukiarekin lotuta, pasa den astean, El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri nuen non Pekingo lizentziatuen arazo nagusia azaltzen zuen.
Izan ere, unibertsitateko ikasleek karrera amaitutakoan ez dute lanik aurkitzen eta lanpostu bat lortzeagatik edozer gauza egiteko prest daude, soldata minimoa izanda ere.
Txinak urtero 10 milioi lanpostu sortu behar ditu lan merkatura sartzen direnen eskaera ase ahal izateko. Zoritzarrez, munduko krisi ekonomikoak helburu hori betetzea eragozten du. Hori dela eta, Gobernuko Kontseiluak hainbat irtenbide martxan jarri ditu; besteak beste, enpresei behartu die kanporatze masiboak saihestea. Hala eta guztiz ere, emaitzak ez dira eraginkorrak izan eta unibertsitateko ikasleek ekimen ezberdinak burutu dituzte euren eskubideak lortzeko asmoz; esate baterako, grebak burutu dituzte, kaleak itxi dituzte, polizien kotxeak erre dituzte eta gobernuaren eraikinak setiatu dituzte.
Pekingo ikasleak gero eta haserreago daude lanbideen egoera hobetzen ez dela ikusita. Gobernua gezurretan ari dela sentitzen dute. Euren esfortzua lan on batekin saritua izango zela bermatzen zieten, baina guztia gezurra zen. Ingeniaritza, medikuntza, zuzenbidea edo dena delakoa ikasi arren, ez dute lanik aurkitzen.
Argi dago gaur egun ikasleok, euskaldunak edo pekindarrak izanda ere, zail dugula etorkizun laboral finko bat aurkitzea. Irtenbideak bilatu behar dira lehenbailehen. Esaterako, erretiroa gero eta gehiago luzatu ordez, aurkakoa egin beharko zen. Horrela, lanpostu gehiago egongo lirateke eskuragarri eta gazteok lanpostuak aurkitzea errazago izango genuke.
Beraz, irtenbideak egon badaude, baina ez daude ikasleen esku. Herrialde bakoitzeko gobernuak dira horiek aurkitzen arduratu behar direnak.

No hay comentarios: