lunes, 22 de diciembre de 2008

Internet, hezkuntzaren etorkizuna


Gaur egungo gizartea gero eta barneratuago dago mundu digitalean. Gizabanakoaren eguneroko bizitzan teknologiak eta medio digitalak funtsezkoak bihurtu dira. Are gehiago, interneten sorrerak ikasketa ereduan eta helburu hezitzaileetan aldaketa sakonak eragin ditu.
Hori dela eta, orain dela urte batzuk linearen bidezko hezkuntza sortzea planteatu zen, hau da, hezkuntzaren bitarteko nagusia sare informatikoak izatea. Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Italia, esaterako, plan berri hau martxan jartzen ahalegindu dira eta bertako ikastetxeen eta interneten arteko loturak gero eta estuagoak bihurtu dira. Izan ere, interneti esker ikasleek informazioa hobeto interpretatzeko gaitasunak garatu dituzte eta baita informazio hori sormenaren bidez lantzeko gaitasuna ere. Ondorioz, sortutako arrazoiketa kalitatea handiagoa da.
Hezkuntzari dagokionez, internetek hiru paper joka ditzake: hezkuntza tradizionalaren lagungarri, osagarri edo ordezkari gisa. Aipatutako lehena da erabiliena, hau da, ikasleak interneteko informazio anitzaz baliatzen dira euren lanak hobetu ahal izateko, liburuetan edo entziklopedietan bilatu ordez. Hirugarrena berriz, deigarriena da eta, aldi berean, eztabaidatuena. Hain zuzen ere, ikasketa metodologia berri honen bidez ikasle kopuru handiago batetara iritsi ahal izango zen, informazio kopuru anitzagoa eskuragarri egongo zen, etab.
Hala eta guztiz ere, adituen artean iritzi ezberdinak sortu dira gai honen inguruan. Batzuen ustez, interneten bidezko hezkuntza pertsona helduentzako aproposa da, baina ez haur eta gazteentzat, heldutasun maila minimoa beharrezkoa baita. Beste batzuek, ordea, uste dute arreta gehiago jarri behar zaiola transmititzen den ezagutzari mekanismoari baino.
Gure ustez, teknologia berriak eta horien artean, internet, hezkuntzarako lagungarri edo osagarri moduan oso egokiak dira. Hala ere, ez dugu uste etorkizunean irakasleak ordezkatuko dituztenik.

No hay comentarios: