sábado, 10 de enero de 2009

Agurra

Blog hau sortu genuenetik hiru hilabete igaro dira jadanik.
Blog honen bitartez, gazteei buruzko gorabeherak kontatzen saiatu gara zuen gustukoak izateko helburuarekin. Izan ere, gazteei buruzko kontaerak ugariak diren arren, horietako gehienak negatiboak eta gatazkatsuak izan dira. Horrek eramaten gaitu gaur egungo gazteen egoerari buruz pentsatzera.

Urteak pasa ahala, gazteekin batera egoera soziala ere txarrera jotzen ari dela uste dugu, geroz eta arazo gehiago baitaude gure gizartean. Baina, gazteak al dira arazo guzti hauen errudun osoak?
Egia eta, aldi berean, gezurra dela deritzogu. Hau da, egungo gazteen jarrera txartuz doa, baina gezurra da hauek gatazka ororen iturri direla.

Zuen gustuko eta intereseko gaia jorratu izatea biziki espero dugu. Hain zuzen ere, geure funtsezko helburuetako bat zen kontatu dizkizuegun berri bakoitzaren bidez gogoeta sorraraztea.

Beraz, besterik gabe, ondo izan eta beste bat arte!

Irati eta Ainara

martes, 6 de enero de 2009

24 urteko gazte multimilioiduna


XLSemanal aldizkariak urtarrilaren 5ean erreportaje bat argitaratu zuen Mark Zuckerberg multimilioidunaren inguruan. Izan ere, 24 urteko gazte honek hiru mila milioi dolar ditu jadanik. Eta zein da mutil honen arrakastaren jatorria? Facebook da bere bizitza egun batetik bestera erabat aldatzearen errudun.
Gazte estatubatuarrak sortutako webgunea sare sozial bat da. Hasiera batean, Harvard Unibertsitatean ikasten zutenen artean giza-harremanak sustatzeko sortu zuen; baina, gaur egun, kontu elektronikoa duen edonork erabil dezake. Facebook webguneak lagunekin, ikaskideekin edota bizilagunekin kontaktuan jartzeko aukera ematen du eta baita publizitatea edo negozioa egiteko bidea ere bihurtu da.
2008ko azaroan erabiltzaile gehien lortu zituen webgunea izan zen, 120 milioi erabiltzaile, hain zuzen ere. Gero eta erabiltzaile gehiago edukitzearen arrazoia izan da Facebook-en bertsioa hizkuntza askotan sortzea; besteak beste, frantsesez, alemanez eta gaztelaniaz. Beraz, hasieran soilik Estatu Batuetan, Kanadan eta Britainia Handian erabili arren, egun beste herrialde askotara hedatu da.
Mark Zuckerberg-en esanetan, mundua gune hobeagoa izango litzateke pertsonek euri buruzko informazio gehiago eskainiko balute. Horrela, hobeto ulertuko genuke besteei gertatzen zaiena. Hori dela eta, webgune hau egitearen ideia burura etorri zitzaion.
Batzuen ustez, gazteak Facebook sortu zuen haurtzaroan lagunik ez zuelako eta ume bakartia zelako. Beraz, haurtzaroko komunikazio falta hori webgunearen bidez konpentsatuko luke.
Dena dela, webgunea egiteko arrazoia edozein izanda ere, Mark Zuckerberg gazteen eredu edo ikasbidea bihurtu da. Gazte honek erakutsi du benetako esfortzuak dakarren ondorio eta etekinak. Egun batetik bestera bere bizitza zeharo aldatu da eta orain enpresa askoren helburu bihurtu da.

Gazteen erakunde iberoamerikarra (OIJ)


Aldizkari bat irakurtzen ari nintzela, berri bat aurkitu nuen erabat erakarri ninduena. Inoiz entzun ez nuen erakunde iberoamerikar bati buruz hitz egiten zuen, Amerikako, Portugaleko eta Espainiako gazteek protagonizatzen dutena.
Gaur egungo gazteak gero eta bizi kalitate txarragoa eta gizarte-ekimenetan parte hartzen ez duten ideia oso hedatua da. Hala ere, erakunde honek uste horiek hautsi egin ditu eta oraindik oso ezaguna ez bada ere, gazte asko erakartzea eta bertan parte hartzera animatzea lortu du.
Erakunde honen helburua gazteen bizi-kalitatea hobetzea da ekimen, proiektu eta programa ezberdinak burutuz.
Besteak beste, Empleo Joven deituriko programa nabarmentzen da. Honen bidez, gazteei merkatu laboralean sartu ahal izateko erremintak eta lagungarriak eskaintzen zaizkie, hau da, lanbide-norabidatzea, trebakuntza eta esperientzia lantzen dira. Deporte Joven ekimena ere aipatzekoa da, izan ere, zerbitzu honek gazteei kirola egitera animatzen die eta kirol lehiaketetan parte hartzea ere sustatzen du. Ahorro joven da martxan jarritako beste proiektu arrakastatsu bat. Dirua aurrezten ikasteko tailerra da hau eta, gainera, produktu eta zerbitzu ezberdinetan deskontuak edukitzeko bideak errazten ditu. Vivienda Joven, Turismo Joven eta beste programa askok lortzen dute erakunde honen helburua betetzea, gazteak mundu honetan hobeto integratu eta murgildu ahal izatea, alegia. Eta, noski, guzti honek, gazteen bizi kalitatea hobetzea eragiten du, pertsona gisa heltzen direlako eta erantzukizunak bere gain hartzen ikasten dutelako.
Laburbilduz, erakunde honen eginkizuna benetan oso eraginkorra eta lagungarria dela uste dugu. Askotan gazteak munduan galdurik bagina bezala sentitzen gara eta ez gara gai funtsezko erantzukizunak geuk bakarrik aurrera eramateko. Hori dela eta, horrelako proiektu gehiago sortzea eskatzen dugu edo gutxienez, hain ilun ikusten dugun etorkizunerako erraztasun gehiago edukitzea.

lunes, 5 de enero de 2009

Alkohola mugak gaindituz

Azken aste hauetan gure blogan Gauzaharrari eta honen inguruan ospatutako festei buruz mintzatu gara. Honi lotuta beti alkohola, gazteak eta batez ere parrandari buruz hitz egin dugu eta horregatik, ohikoa eta jakina da hiru faktore hauek lotuz gazteok eromenak egiten ditugula. Esate baterako, azken urte honetako Gauzaharrean berri hunkigarria ezagutzeko aukera izan dugu.
Iruneko Ficoba azokan kotiloia antolatu zela aipatu dugu blogeko aurreko sarreren batean. Izan ere, horren ondorioz, goizeko zapietan 18 urteko mutiko Irundar bat trenbidean esnatu zen. Mutilak gaur egun ez du gogoratzen zer gertatu zen trenbidean esnatu aurretik, eta ezta ere zer egin zuen hori gertatu aurreko orduetan zehar. Zorionez, festa eguna izanda, trenen ordutegia desberdina zen ordutegi arruntarekin alderatuz eta, beraz, ez zegoen trena pasatzeko arriskurik. Hala ere, mutikoa esnatu zenean diru-zorroa eta erlojua faltan bota zuen, baina ez sakelako telefonoa, horren bitartez lagunak deitu ahal izan baitzituen.
Istorio honek gazte askoren arduragabekeria izugarria dela azaltzen digu eta erakusten du gainera, alkoholak guregan duen eragin negatibo izugarria, hain da handia guztiz babesgabeak uzten gaituela.

Laguntza opari gisa


Azken asteburu honetan ezagutu ahal izan dugu hainbat gazteek burutzen duten eginkizun solidarioa. Izan ere, El Diario Vasco egunkariak erizaintzako bi ikaslei buruzko erreportaia argitararu zuen.
Nerea Gallardo eta Ainhoa Urruzola, Donostiako erizaintza fakultateko bi gazte, uztaila eta iraila hilabeteen artean Ekuadoreko Amazonian aritu ziren Medicos Mundi elkartean laguntzaile gisa.
Irakurri dugunaren arabera, bi neska hauek Ekuadorera joateko aukera eskaini zietenean ez zuten birritan pentsatu eta ondorioa, geroz, izugarria izan da. Izan ere, ez da batere erraza izan behar egunero basoaren erdian lan egitea eta, are gehiago, jende gaixo eta txiro artean aritzea egun osoan zehar.
Ez ditugu zalantzan jartzen bi gazte hauen hitzak, hau da, nahiz eta bertara laguntza ematera joan, gehienetan ematen duzuna baino gehiago jasotzen duzu.
Azpimarratzekoa da bi neska hauek daukaten ekimen solidarioa, beste gazte askok ez bezala, uda hondartzan edo parrandan igaro ordez, beste herrialde batean txirotasunez inguraturik pasatzea aukeratuko bailute behin eta berriz, behartsuei laguntzearren.
Argi dago beraz, gazteen lehentasunak aldatuz doazela baina, hala ere, gazte hauek bezalako eginkizunak burutzen dituzten gazteak oso gutxi dira. Uste dugu berri hau guztiz egokia dela arlo askoren etorkizuna gazteen esku dagoela kontutan hartzeko.

viernes, 2 de enero de 2009

Urte berri, asmo berri

Hamabi kanpai-hotsek urte berriaren hasiera eman zuten eta, segituan, Donostiako kaleak, tabernak eta diskotekak jendez gainezka zeuden.
Gazteek, batez ere, Alde Zaharreko tabernak eta kotiloiak aukeratu zituzten urteko lehen eguna ospatzeko gune gisa. Diru gutxiago gastatu nahi zutenek, kotiloietarako sarrerarik lortu ez zutenek edo, sinpleki, trajerik eraman nahi ez zutenek lehenengo aukera hautatu zuten. Hala ere, taberna askok urte berriaz aprobetxatu ziren sarrerak kobratzeko, izan ere, Alde Zaharreko tabernetako bat 25 euro kobratzen zituen bertan sartu ahal izateko! Aurpegia lotsaz gorritu beharko zitzaien, ezta?
Dena dela, gazteentzat, Urtezaharra ospatzeko gunerik gustukoena kotiloiak izaten jarraitzen dute. Arrakasta handia izan zutenetako batzuk honako hauek izan ziren: La Rotonda, La Kabutzia, Rock Star, Bataplán, Anoetako estadioa eta Maria Kristina hotela. Nabarmentzekoa da, aipatutako azkena, hau da, Maria Kristina Hotela, ez dela gazteek aukeratutako kotiloia, bertako sarrerarik merkeena 200 eurokoa baitzen!
Gure kasuan, irundarrak izanik, Irungo kotiloira joatea erabaki genuen. Ficoban ospatu zen kotiloiak ordea, ez zituen gazteen itxarobideak bete eta, ondorioz, ez zen jende ugari egon.
Urtezaharraren gaua edonola izanda ere, 2009. urtea hasi da jadanik eta urte hau aurrekoa bezain ona edo hobeagoa izatea espero dugu. Esan ohi denez, urte berri, asmo berri…

lunes, 29 de diciembre de 2008

Gazteak, sexu biolentziaren eragile


EHUko Soziologiako fakultateak azterketa bat burutu du biolentzia matxistaren gaiaren inguruan, batez ere 15 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduta. Azterketaren arabera, adin honetako gazte euskaldunak ez dituzte bide aproposak eta horregatik, ez dira gai genero biolentzia antzemateko. Gainera, gazte hauen arteko erlazioetan askotan ematen da mutilen menderaketa emakumeen gainetik. Azterketaren helburua, beraz, premia handiarekin arazo honi irtenbidea aurkitzea izango litzateke.
Izan ere, gazte hauek biolentzia egoera baten aurrean egin beharreko gauza nagusia, antzeman, ulertu eta aurre egitea da. Gaur egun, gazteen artean menderakuntza maskulinoaren adibide asko ikusi bititugu. Egoera honek gogoeta bat egitera bultzatzen gaitu. Gazteak, modu horretan jokatzera zerbaitek bultzatzen ditu, ziur aski, helduek egiten dutena ikusita, modu berean jokatzen dute. Horregatik, premiazkoa da arazo larri hau hasieratik moztea, modu batean edo bestean, biolentzia matxistarekin amaitzea gizartearen esku baitago; eta batez ere, gazteen artean ematen denean.