domingo, 23 de noviembre de 2008

Sukaldaritza, gainditzear dagoen irakasgaia

Dieta mediterraneoa zein den badakigu, elikadura-piramidea oso abiadura handian errezita ditzakegu; baina, nork daki benetan janaria prestatzen?
Bai, gazteez ari gara, 18 urterekin oraindik sukaldean maneiatzen ez dakiten gazteez. Izan ere, ikasle askok etxetik kanpoko esperientziak lehendabiziko aldiz bizi behar dituztenean, guztiz ezezagunak diren etxeko lanekin topatzen dira. Horien artean, janaria prestatzearen arazoa dago.
Ekintza honen ezjakintasunak gurasoek prestaturiko “tupper”ak, aldez aurretik prestatua izan den janaria eta pasta eta plantxan prestatutako haragi ugari jateko ohitura sortzen du ikasle askorengan. Eta jakina, okerkeria honek kalteak besterik ez ditu eragiten; ezagunena, gizentasuna da.
Arazo hau ekiditeko herrialde ezberdinetan mota askotako irtenbideak martxan jarri dituzte. Esate baterako, Britainia Handian, Jamie Oliver sukaldari ospetsuak, sukaldaritza eskoletako derrigorrezko irakasgaia izatea bultzatzen ari da eta, badirudi, 2011. urtetik aurrera horrelaxe izango dela.
Eta ez hain urruti, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPN) hain zuzen ere, gazteen artean sukaldaritza sustatzeko beste ideia bat izan zuten. Unibertsitateko kafetegia bat-bateko sukaldea bihurtu zuten eta bertan José Luis Aranguren sukaldariak eta Itxaso Oiza dietistak janari osasuntsua modu erraz batean prestatzeko klaseak eman zizkieten ikasleei.
Hala eta guztiz ere, ongi eta anitz jaten ikasteko bultzatu diren ekimenak urriak izan dira eta gazteek ez dute interesik agertzen euren kontuz ikasteko. Hortaz, gure ustez, ikastoletan sukaldaritza hautazko irakasgai gisa egon beharko litzateke, eraginkorragoa eta baliagarriagoa delako musika edota plastika ikastea baino.

No hay comentarios: