
Zenbat aldiz kexatu gara bizkarreko edo lepoko mina dugulako? Gezurra badirudi ere gizarteko %90a bizkarreko mina duela aitortzen du. Oinaze hauek, batez ere, lan edo ikasketa garaietan ematen da, sasoi horietan etengabe egon behar baikara idazmahai edo ordenagailu baten aurrean edota, ikasleen kasuan, egunero bizkarrean kristoren zama eramaten.
Etengabeko gorputz-jarrera ezegokiek bizkarreko min kronikoak sor ditzakete. Hori dela eta, hainbat aholku emango dizkizuegu, lagungarriak izatea espero dugularik.
Hasteko, motxilen gehiegizko pisua saihestu. Honek zona lunbarrean eragiten du batez ere eta, horregatik, motxilaren beheko aldea gerritik 5 cm gorago kokatuta egon behar da. Beraz, motxilak ipurdiko altueran ipintzearen moda zeharo kaltegarria da! Horrez gain, motxilaren tiranteen zabalera gutxienez 4 cm-koa izatea gomendatzen da eta motxila bi sorbaldetan eraman; horrela, barneko pisu guztia egoki banatuta egongo da.
Bestetik, idazmahaiari dagokionez, tiraderarik eta beheko apalik gabekoak dira zuzenenak. Modu horretan, hankak bete-betean sar daitezke hutsunean. Gainera, mahaiaren altuera egokia izateko besaurreak bertan ondo finkatuta egon behar dira gorputza tente egotea eraginez. Aulkia berriz, erregulagarria izan behar da ikaslearen hazkundearekin doitu ahal izateko eta oinak lurrean ongi finkatuta geratu behar dira.
Azkenik, ordenagailu edo eramangarrien inguruan honako hau azpimarratzekoa da: pantaila 45 cm-ko distantzian ipini behar da, begien altuera baino pixka bat beherago. Inoiz ez dugu teklatua belaunean jarri behar eta aulkia teklatutik ahalik eta hurbilen ipini behar da, jarrera inklinatua ekiditeko.
Egia da arau guzti hauek ikasle gutxi batzuk betetzen dituztela, baina gorputz-jarrera ezegoki hauek lehenbailehen aldatuz gero, etorkizunean bizkarreko eta lepoko min ugari saihestu ahal izango ditugu. Gure gorputzak eskertu egingo digu; beraz, ez dezagun denborarik gal!
No hay comentarios:
Publicar un comentario