domingo, 23 de noviembre de 2008

Gazteen ezjakintasuna sexismoaren inguruan

Pasa den astean El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri genuen gazteak euren erlazioetan indarkeria sexistaz ohartzen ez direla azaltzen zuena. Guztiz deigarria iruditu zitzaidan uste bainuen jarrera sexistak gero eta urriagoak zirela denbora pasa ahala eta, are gehiago, gazteen artean. Baina, badirudi oker nengoela.
Albistean irakur zitekeen nola gizonek emakumeak mendean hartu dituzteneko egituretan hazi eta hezi diren egun unibertsitatean dauden gazteak. Generoen araberako rol eta estereotipoak oinarri hartuta eraiki dituzte maitasunaren eta erakargarritasunaren inguruko ideiak. Dena dela, hori ez da arazo larriena, jarrera horretaz ohartzen ez direla baizik. Uste dute genero indarkeria helduen bikote harremanetan soilik gertatzen dela.
Izan ere, 18 eta 20 urte bitarteko unibertsitateko ikasleei egindako inkesta batek zioen emakumeek babesa eta segurtasuna ematea eskatzen diotela bikotekide idealari; gizonek, aldiz, emakume politak eta erakargarriak nahi dituzte. Beraz, eskakizun hauek argi uzten dute estereotipo tradizionalak indarrean jarraitzen dutela.
Gainera, emakume gazteei zaila egiten zaie bortizkeria zantzuak identifikatzea, batez ere, indarkeria fisikorik ez dagoenean. Adibidez, neskek ez dute gaizki ikusten gizonek eskuko telefonoa miatzea, emakumeei bere lagunekin joan ez dadin eskatzea edo nola jantzi behar duten esatea.
Hortaz, argi dago egungo gazteriaren hezkuntzan sexismoa zintzilik dagoen gaia dela eta gehiago edo hobeago jorratzea izango litzateke egokiena, etorkizunean indarkeria sexistan oinarritutako bikoteak egotea nahi ez badugu.

No hay comentarios: