lunes, 29 de diciembre de 2008

Gauzaharra


Gauzaharra urteko azken gaua da eta denon artean jakina da, gau horretan egoten den parranda ez dela beste edozein larunbatetan bezalakoa.
Gazteentzat, batez ere, gauzaharreko gaua oso garrantzitsua da, gau berezia delako eta gainera gazte askorentzako, bere lehenengo gauzaharra izanik, garrantzia handiagoa hartzen du. Arropa dotoreak, edariak, lagunak... gau bikaina. Baina nora joan? Aukera arruntena tabernatara joatea izango litzateke baina arazo larriena jende kopurua daukagu, hau da, gau horretan normalean baino hamar aldiz jende gehiago dago kalean eta ezinezkoa suertatzen da taberna batean lasai egotea. Horregatik, gau horretarako kotilloiak prestatzen ohi dituzte hirietako hainbat diskoteka edo areto berezietan. Irtenbide hau egokiena iruditu daiteke, baina kotilloi gehienak 50- 60 eurotik gora balio dute eta honek, askok merezi duen pentsaraztea eragiten du.
Gertakizun hau edozein hiri handian gertatzen bada, arazoa ez da hain handia ehundaka taberna eta hamarnaka kotilloi prestatzen direlako, baina gu Irunen bizita atzerakuntza izugarria dela uste dugu. Taberna gutxi egonda jendez betetzen dira; gutxienez aurten kotilloi antzekoa prestatu dute karpa bat antolatuz. Beraz, berritasuna izanda, jendez gainezka egongo dela espero dugu.
Laburbilduz, gauzaharreko gaua urteko gau bereziena izateko fama dauka, baina ez hiri txikietan. Beraz gazteak, sabai bat bilatzeko eginkizuna daukagu urte amaiera iristen den bakoitzean eta hori iritsita, jende gainezkaren eraginez itota hiltzearen kontra borrokatzea bihurtzen da gure helburu.

domingo, 28 de diciembre de 2008

Ikara Pekingo lizentziatuen artean


Aurreko edukiarekin lotuta, pasa den astean, El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri nuen non Pekingo lizentziatuen arazo nagusia azaltzen zuen.
Izan ere, unibertsitateko ikasleek karrera amaitutakoan ez dute lanik aurkitzen eta lanpostu bat lortzeagatik edozer gauza egiteko prest daude, soldata minimoa izanda ere.
Txinak urtero 10 milioi lanpostu sortu behar ditu lan merkatura sartzen direnen eskaera ase ahal izateko. Zoritzarrez, munduko krisi ekonomikoak helburu hori betetzea eragozten du. Hori dela eta, Gobernuko Kontseiluak hainbat irtenbide martxan jarri ditu; besteak beste, enpresei behartu die kanporatze masiboak saihestea. Hala eta guztiz ere, emaitzak ez dira eraginkorrak izan eta unibertsitateko ikasleek ekimen ezberdinak burutu dituzte euren eskubideak lortzeko asmoz; esate baterako, grebak burutu dituzte, kaleak itxi dituzte, polizien kotxeak erre dituzte eta gobernuaren eraikinak setiatu dituzte.
Pekingo ikasleak gero eta haserreago daude lanbideen egoera hobetzen ez dela ikusita. Gobernua gezurretan ari dela sentitzen dute. Euren esfortzua lan on batekin saritua izango zela bermatzen zieten, baina guztia gezurra zen. Ingeniaritza, medikuntza, zuzenbidea edo dena delakoa ikasi arren, ez dute lanik aurkitzen.
Argi dago gaur egun ikasleok, euskaldunak edo pekindarrak izanda ere, zail dugula etorkizun laboral finko bat aurkitzea. Irtenbideak bilatu behar dira lehenbailehen. Esaterako, erretiroa gero eta gehiago luzatu ordez, aurkakoa egin beharko zen. Horrela, lanpostu gehiago egongo lirateke eskuragarri eta gazteok lanpostuak aurkitzea errazago izango genuke.
Beraz, irtenbideak egon badaude, baina ez daude ikasleen esku. Herrialde bakoitzeko gobernuak dira horiek aurkitzen arduratu behar direnak.

lunes, 22 de diciembre de 2008

Gabonetan gazteentzako lanpostu gehiago

Egungo gazteen lan aukera oso eskasa bada ere, badirudi Gabonetan zertxobait hobetzen dela. Izan ere, egun hauetan kontsumismoa da nagusi eta dendek ekoizpena handitzen dute. Gainera, oporrak hartzen dituzten langileen ordezkariak behar dituzte. Hori dela eta, gazteen eskulana bilatzen dute lan horietarako ez baita prestakuntzarik ezta esperientziarik behar.
Batez ere, banaketa lana da aktibitatearen handiagotzea jasaten duen sektorea. Horrez gain, zerbitzu eta merkataritza arloetan ere lanpostuen eskaintza ugariagoa da. Besteak beste, animatzaile, tele-operadore, arropa-saltzaile, paketatzaile, berrezartzaile, sukaldari eta zerbitzari postuak dira gehien eskaintzen direnak.
Hala ere, enpresen eta denden nagusiek gazteen lan egiteko beharraz baliatzen dira eta ordu askoren truke soldata oso baxuak ematen dizkiete. Gazteek egoera horren aurrean ez dute ezer egiten, uste baitute behin behineko lanpostuek curriculumerako lagungarriak izango direla eta krisiaren aurrean beste aukera gehiagorik ez dagoelako.
Beraz, gazteok ez dugu denborarik galtzen. Lan egiteko aukera ikusten dugun momentuan aprobetxatu egiten dugu. Hala ere, ez legoke gaizki egongo guganako errespetua handiagoa izango balitz, batez ere, soldatei dagokionean.

Internet, hezkuntzaren etorkizuna


Gaur egungo gizartea gero eta barneratuago dago mundu digitalean. Gizabanakoaren eguneroko bizitzan teknologiak eta medio digitalak funtsezkoak bihurtu dira. Are gehiago, interneten sorrerak ikasketa ereduan eta helburu hezitzaileetan aldaketa sakonak eragin ditu.
Hori dela eta, orain dela urte batzuk linearen bidezko hezkuntza sortzea planteatu zen, hau da, hezkuntzaren bitarteko nagusia sare informatikoak izatea. Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Italia, esaterako, plan berri hau martxan jartzen ahalegindu dira eta bertako ikastetxeen eta interneten arteko loturak gero eta estuagoak bihurtu dira. Izan ere, interneti esker ikasleek informazioa hobeto interpretatzeko gaitasunak garatu dituzte eta baita informazio hori sormenaren bidez lantzeko gaitasuna ere. Ondorioz, sortutako arrazoiketa kalitatea handiagoa da.
Hezkuntzari dagokionez, internetek hiru paper joka ditzake: hezkuntza tradizionalaren lagungarri, osagarri edo ordezkari gisa. Aipatutako lehena da erabiliena, hau da, ikasleak interneteko informazio anitzaz baliatzen dira euren lanak hobetu ahal izateko, liburuetan edo entziklopedietan bilatu ordez. Hirugarrena berriz, deigarriena da eta, aldi berean, eztabaidatuena. Hain zuzen ere, ikasketa metodologia berri honen bidez ikasle kopuru handiago batetara iritsi ahal izango zen, informazio kopuru anitzagoa eskuragarri egongo zen, etab.
Hala eta guztiz ere, adituen artean iritzi ezberdinak sortu dira gai honen inguruan. Batzuen ustez, interneten bidezko hezkuntza pertsona helduentzako aproposa da, baina ez haur eta gazteentzat, heldutasun maila minimoa beharrezkoa baita. Beste batzuek, ordea, uste dute arreta gehiago jarri behar zaiola transmititzen den ezagutzari mekanismoari baino.
Gure ustez, teknologia berriak eta horien artean, internet, hezkuntzarako lagungarri edo osagarri moduan oso egokiak dira. Hala ere, ez dugu uste etorkizunean irakasleak ordezkatuko dituztenik.

Enperadorearen sindromea


Pasa den astean telebistan “El Castigo” pelikula eman zuten eta emisioaren aurretik filmari emandako gehiegizko publizitatearen eraginez ikustea erabaki nuen. Zeharo hunkituta utzi ninduen. Gainera, Gironan gertatutako eginkizun batean oinarrituta zegoela jakiteak horren inguruko informazioa bilatzeko grina sortu zidan. Aurkitu nuena ikaragarria izan zen.
Daniel Calpasororen film honetan ikus daiteke nola erreformategi batean dauden bost gazte froga fisiko gogorrak egitera behartuta dauden. Horrez gain, etengabeko tratu txarrak eta torturak jasaten dituzte zigor moduan.
Gezurra badirudi ere gertakizun hau Gironako Sant Llorenç de la Muga herrian eman zen. Izan ere, 14 urteko gazte suitzar bat beste hiru lagunekin batera erreformategitik ihes egitea lortu zuen eta Gironako Figueras geltokian aurkitu zuten. Tratu txarren aztarnak zituen gorputz osoan eta, besteak beste, animalientzako kaioletan sartzen zituztela aitortu zuen. Suitzako zerbitzu sozialak izan ziren gazte gatazkatsu suitzarrak Espainiako erreformategi ilegalera bidali zituzten arduradunak. Suitza da, hain zuzen ere, zigor mota honetan sinesten duen herrialdeetako bat.
Guztiok dakigu gaur egun gazte gatazkatsuak daudela nonahi, jarrera autoritarioak eta bortitzak agertzen dituztenak. Ez dituzte arauak errespetatzen eta gurasoak ez dira gai sentitzen euren seme-alabak kontrolatzeko. Adituek gazteen jarrera honi “enperadorearen sindromea” deitu diote.
Egia da, sindrome honentzako konponbidea aurkitzea zaila dela. Adingabekoen Legeak ere ez du asko laguntzen, gazte delitugileei ezartzen zaizkien zigorrak eraginkorrak ez direlako. Hala ere, erreformatorio mota hauetara bidaltzea ez da gizatiarra. Beraz, legean aldaketak egon beharko liratekeela uste dugu eta, gainera, seme-alaba gatazkatsuak dituzten gurasoentzat erraztasun gehiago eskaini beharko lirateke.

lunes, 15 de diciembre de 2008

Dibertsioa= alkohola?


Berri jakin dugu Eusko Jaurlaritzak gazteen artean alkoholaren kontsumoa gutxitzeko kanpaina berri bat zabaldu duela telebista eta irratian emititzeko helburuarekin. Izan ere, kanpaina honek berezitasun bat dauka: gazteei zuzenean bidali ordez, gurasoei eta helduei zuzendutako mezua da. Hau da, helduek beren adibidearekin predikatu behar dute; beren semeei ez edatea esaten badiete, beraiek gauza bera egin behar dute. Kanpaina egitearen arrazoia oso argia da; gaur egungo gurasoek gazteei edatea debekatzen diete baina gero heldu horiek esandakoaren kontrakoa egiten dute eta festa, bazkari edo ekitaldietan mozkortu egiten dira.
Gure ustez, guraso batek ez du inolako autoritate edo sinesgarritasunik izango bere semeari ondo pasatzeko alkohola edatea beharrezkoa ez dela esaten badio eta gero hura bilera familiarretan kontrakoa egiten badu.
Beraz, ondo dago kanpaina mota hauek zabaltzea, nahiz eta gehienetan hauei arreta handirik ez jarri. Baina kontutan izan behar dugu gazteok ez garela alkohol kontsumitzaile talde zabalena; horregatik kanpaina hauek gazteei baino, gizarte osoari zuzendu behar direla azpimarratzen dugu.

Dantzak Nagoreren oroimenez

Atzo, abenduaren 14an ehundaka familia kide eta lagun bildu ginen Irungo Artaleku kiroldegian Nagore Laffage gogoratzeko.
Nagore, sei urte zituelarik, hasi zen gimnasia erritmikoa egiten eta hainbat urte ekin zion dantza mota honi, 18 urterekin Iruñara ikastera joan zen arte.
Egia esan, gure koadrilakoek sorte handia izan genuen antolatzaileek familia, lagun eta autoritateentzako (Irungo alkatea eta Gipuzkoako junta orokorretako zuzendaria, beste batzuen artean) lekua erreserbatu zutelako. Beraz, erdian eta leku hoberenean kokatzeko aukera izan genuen, modu horretan ekintza asko disfrutatuz.
Ekimena hasi aurretik, hainbat detaile izugarri politak ikusi ahal izan genituen. "Por tu ausencia, Nagore, Zure oroimenez" agertzen zen pankarta baten ondoan, Nagorek erabiltzen zituen gimnasiako tresnak kokatu zituzten eta horrekin batera, Nagoreren kide pare batek bi lore sorta kokatu zituzten.
Omenaldian, Gipuzkoako 26 dantza taldeek hartu zuten parte eta ukaezina da emanaldia ederra izateaz gain, oso hunkigarria izan zela. Horrela izanda, bere familia eta lagunok ezin izan genuen malko jarioa ekidin.
Nagoreren amak, Asun Casasolak, esan zuen bezala, ekintza mota hauetatik jasotako babesa indarra ematen digute eta gure borrokarekin jarraitzera bultzatzen gaitu.
Argi dago gure esku artean dagoen bitartean justizia bilatzen jarraituko dugula. Horregatik urtarrilak 17an beste kontzentrazio bat burutuko da Irungo udaletxeko plaza nagusian.