lunes, 29 de diciembre de 2008

Gazteak, sexu biolentziaren eragile


EHUko Soziologiako fakultateak azterketa bat burutu du biolentzia matxistaren gaiaren inguruan, batez ere 15 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduta. Azterketaren arabera, adin honetako gazte euskaldunak ez dituzte bide aproposak eta horregatik, ez dira gai genero biolentzia antzemateko. Gainera, gazte hauen arteko erlazioetan askotan ematen da mutilen menderaketa emakumeen gainetik. Azterketaren helburua, beraz, premia handiarekin arazo honi irtenbidea aurkitzea izango litzateke.
Izan ere, gazte hauek biolentzia egoera baten aurrean egin beharreko gauza nagusia, antzeman, ulertu eta aurre egitea da. Gaur egun, gazteen artean menderakuntza maskulinoaren adibide asko ikusi bititugu. Egoera honek gogoeta bat egitera bultzatzen gaitu. Gazteak, modu horretan jokatzera zerbaitek bultzatzen ditu, ziur aski, helduek egiten dutena ikusita, modu berean jokatzen dute. Horregatik, premiazkoa da arazo larri hau hasieratik moztea, modu batean edo bestean, biolentzia matxistarekin amaitzea gizartearen esku baitago; eta batez ere, gazteen artean ematen denean.

Gauzaharra


Gauzaharra urteko azken gaua da eta denon artean jakina da, gau horretan egoten den parranda ez dela beste edozein larunbatetan bezalakoa.
Gazteentzat, batez ere, gauzaharreko gaua oso garrantzitsua da, gau berezia delako eta gainera gazte askorentzako, bere lehenengo gauzaharra izanik, garrantzia handiagoa hartzen du. Arropa dotoreak, edariak, lagunak... gau bikaina. Baina nora joan? Aukera arruntena tabernatara joatea izango litzateke baina arazo larriena jende kopurua daukagu, hau da, gau horretan normalean baino hamar aldiz jende gehiago dago kalean eta ezinezkoa suertatzen da taberna batean lasai egotea. Horregatik, gau horretarako kotilloiak prestatzen ohi dituzte hirietako hainbat diskoteka edo areto berezietan. Irtenbide hau egokiena iruditu daiteke, baina kotilloi gehienak 50- 60 eurotik gora balio dute eta honek, askok merezi duen pentsaraztea eragiten du.
Gertakizun hau edozein hiri handian gertatzen bada, arazoa ez da hain handia ehundaka taberna eta hamarnaka kotilloi prestatzen direlako, baina gu Irunen bizita atzerakuntza izugarria dela uste dugu. Taberna gutxi egonda jendez betetzen dira; gutxienez aurten kotilloi antzekoa prestatu dute karpa bat antolatuz. Beraz, berritasuna izanda, jendez gainezka egongo dela espero dugu.
Laburbilduz, gauzaharreko gaua urteko gau bereziena izateko fama dauka, baina ez hiri txikietan. Beraz gazteak, sabai bat bilatzeko eginkizuna daukagu urte amaiera iristen den bakoitzean eta hori iritsita, jende gainezkaren eraginez itota hiltzearen kontra borrokatzea bihurtzen da gure helburu.

domingo, 28 de diciembre de 2008

Ikara Pekingo lizentziatuen artean


Aurreko edukiarekin lotuta, pasa den astean, El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri nuen non Pekingo lizentziatuen arazo nagusia azaltzen zuen.
Izan ere, unibertsitateko ikasleek karrera amaitutakoan ez dute lanik aurkitzen eta lanpostu bat lortzeagatik edozer gauza egiteko prest daude, soldata minimoa izanda ere.
Txinak urtero 10 milioi lanpostu sortu behar ditu lan merkatura sartzen direnen eskaera ase ahal izateko. Zoritzarrez, munduko krisi ekonomikoak helburu hori betetzea eragozten du. Hori dela eta, Gobernuko Kontseiluak hainbat irtenbide martxan jarri ditu; besteak beste, enpresei behartu die kanporatze masiboak saihestea. Hala eta guztiz ere, emaitzak ez dira eraginkorrak izan eta unibertsitateko ikasleek ekimen ezberdinak burutu dituzte euren eskubideak lortzeko asmoz; esate baterako, grebak burutu dituzte, kaleak itxi dituzte, polizien kotxeak erre dituzte eta gobernuaren eraikinak setiatu dituzte.
Pekingo ikasleak gero eta haserreago daude lanbideen egoera hobetzen ez dela ikusita. Gobernua gezurretan ari dela sentitzen dute. Euren esfortzua lan on batekin saritua izango zela bermatzen zieten, baina guztia gezurra zen. Ingeniaritza, medikuntza, zuzenbidea edo dena delakoa ikasi arren, ez dute lanik aurkitzen.
Argi dago gaur egun ikasleok, euskaldunak edo pekindarrak izanda ere, zail dugula etorkizun laboral finko bat aurkitzea. Irtenbideak bilatu behar dira lehenbailehen. Esaterako, erretiroa gero eta gehiago luzatu ordez, aurkakoa egin beharko zen. Horrela, lanpostu gehiago egongo lirateke eskuragarri eta gazteok lanpostuak aurkitzea errazago izango genuke.
Beraz, irtenbideak egon badaude, baina ez daude ikasleen esku. Herrialde bakoitzeko gobernuak dira horiek aurkitzen arduratu behar direnak.

lunes, 22 de diciembre de 2008

Gabonetan gazteentzako lanpostu gehiago

Egungo gazteen lan aukera oso eskasa bada ere, badirudi Gabonetan zertxobait hobetzen dela. Izan ere, egun hauetan kontsumismoa da nagusi eta dendek ekoizpena handitzen dute. Gainera, oporrak hartzen dituzten langileen ordezkariak behar dituzte. Hori dela eta, gazteen eskulana bilatzen dute lan horietarako ez baita prestakuntzarik ezta esperientziarik behar.
Batez ere, banaketa lana da aktibitatearen handiagotzea jasaten duen sektorea. Horrez gain, zerbitzu eta merkataritza arloetan ere lanpostuen eskaintza ugariagoa da. Besteak beste, animatzaile, tele-operadore, arropa-saltzaile, paketatzaile, berrezartzaile, sukaldari eta zerbitzari postuak dira gehien eskaintzen direnak.
Hala ere, enpresen eta denden nagusiek gazteen lan egiteko beharraz baliatzen dira eta ordu askoren truke soldata oso baxuak ematen dizkiete. Gazteek egoera horren aurrean ez dute ezer egiten, uste baitute behin behineko lanpostuek curriculumerako lagungarriak izango direla eta krisiaren aurrean beste aukera gehiagorik ez dagoelako.
Beraz, gazteok ez dugu denborarik galtzen. Lan egiteko aukera ikusten dugun momentuan aprobetxatu egiten dugu. Hala ere, ez legoke gaizki egongo guganako errespetua handiagoa izango balitz, batez ere, soldatei dagokionean.

Internet, hezkuntzaren etorkizuna


Gaur egungo gizartea gero eta barneratuago dago mundu digitalean. Gizabanakoaren eguneroko bizitzan teknologiak eta medio digitalak funtsezkoak bihurtu dira. Are gehiago, interneten sorrerak ikasketa ereduan eta helburu hezitzaileetan aldaketa sakonak eragin ditu.
Hori dela eta, orain dela urte batzuk linearen bidezko hezkuntza sortzea planteatu zen, hau da, hezkuntzaren bitarteko nagusia sare informatikoak izatea. Kanada, Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Italia, esaterako, plan berri hau martxan jartzen ahalegindu dira eta bertako ikastetxeen eta interneten arteko loturak gero eta estuagoak bihurtu dira. Izan ere, interneti esker ikasleek informazioa hobeto interpretatzeko gaitasunak garatu dituzte eta baita informazio hori sormenaren bidez lantzeko gaitasuna ere. Ondorioz, sortutako arrazoiketa kalitatea handiagoa da.
Hezkuntzari dagokionez, internetek hiru paper joka ditzake: hezkuntza tradizionalaren lagungarri, osagarri edo ordezkari gisa. Aipatutako lehena da erabiliena, hau da, ikasleak interneteko informazio anitzaz baliatzen dira euren lanak hobetu ahal izateko, liburuetan edo entziklopedietan bilatu ordez. Hirugarrena berriz, deigarriena da eta, aldi berean, eztabaidatuena. Hain zuzen ere, ikasketa metodologia berri honen bidez ikasle kopuru handiago batetara iritsi ahal izango zen, informazio kopuru anitzagoa eskuragarri egongo zen, etab.
Hala eta guztiz ere, adituen artean iritzi ezberdinak sortu dira gai honen inguruan. Batzuen ustez, interneten bidezko hezkuntza pertsona helduentzako aproposa da, baina ez haur eta gazteentzat, heldutasun maila minimoa beharrezkoa baita. Beste batzuek, ordea, uste dute arreta gehiago jarri behar zaiola transmititzen den ezagutzari mekanismoari baino.
Gure ustez, teknologia berriak eta horien artean, internet, hezkuntzarako lagungarri edo osagarri moduan oso egokiak dira. Hala ere, ez dugu uste etorkizunean irakasleak ordezkatuko dituztenik.

Enperadorearen sindromea


Pasa den astean telebistan “El Castigo” pelikula eman zuten eta emisioaren aurretik filmari emandako gehiegizko publizitatearen eraginez ikustea erabaki nuen. Zeharo hunkituta utzi ninduen. Gainera, Gironan gertatutako eginkizun batean oinarrituta zegoela jakiteak horren inguruko informazioa bilatzeko grina sortu zidan. Aurkitu nuena ikaragarria izan zen.
Daniel Calpasororen film honetan ikus daiteke nola erreformategi batean dauden bost gazte froga fisiko gogorrak egitera behartuta dauden. Horrez gain, etengabeko tratu txarrak eta torturak jasaten dituzte zigor moduan.
Gezurra badirudi ere gertakizun hau Gironako Sant Llorenç de la Muga herrian eman zen. Izan ere, 14 urteko gazte suitzar bat beste hiru lagunekin batera erreformategitik ihes egitea lortu zuen eta Gironako Figueras geltokian aurkitu zuten. Tratu txarren aztarnak zituen gorputz osoan eta, besteak beste, animalientzako kaioletan sartzen zituztela aitortu zuen. Suitzako zerbitzu sozialak izan ziren gazte gatazkatsu suitzarrak Espainiako erreformategi ilegalera bidali zituzten arduradunak. Suitza da, hain zuzen ere, zigor mota honetan sinesten duen herrialdeetako bat.
Guztiok dakigu gaur egun gazte gatazkatsuak daudela nonahi, jarrera autoritarioak eta bortitzak agertzen dituztenak. Ez dituzte arauak errespetatzen eta gurasoak ez dira gai sentitzen euren seme-alabak kontrolatzeko. Adituek gazteen jarrera honi “enperadorearen sindromea” deitu diote.
Egia da, sindrome honentzako konponbidea aurkitzea zaila dela. Adingabekoen Legeak ere ez du asko laguntzen, gazte delitugileei ezartzen zaizkien zigorrak eraginkorrak ez direlako. Hala ere, erreformatorio mota hauetara bidaltzea ez da gizatiarra. Beraz, legean aldaketak egon beharko liratekeela uste dugu eta, gainera, seme-alaba gatazkatsuak dituzten gurasoentzat erraztasun gehiago eskaini beharko lirateke.

lunes, 15 de diciembre de 2008

Dibertsioa= alkohola?


Berri jakin dugu Eusko Jaurlaritzak gazteen artean alkoholaren kontsumoa gutxitzeko kanpaina berri bat zabaldu duela telebista eta irratian emititzeko helburuarekin. Izan ere, kanpaina honek berezitasun bat dauka: gazteei zuzenean bidali ordez, gurasoei eta helduei zuzendutako mezua da. Hau da, helduek beren adibidearekin predikatu behar dute; beren semeei ez edatea esaten badiete, beraiek gauza bera egin behar dute. Kanpaina egitearen arrazoia oso argia da; gaur egungo gurasoek gazteei edatea debekatzen diete baina gero heldu horiek esandakoaren kontrakoa egiten dute eta festa, bazkari edo ekitaldietan mozkortu egiten dira.
Gure ustez, guraso batek ez du inolako autoritate edo sinesgarritasunik izango bere semeari ondo pasatzeko alkohola edatea beharrezkoa ez dela esaten badio eta gero hura bilera familiarretan kontrakoa egiten badu.
Beraz, ondo dago kanpaina mota hauek zabaltzea, nahiz eta gehienetan hauei arreta handirik ez jarri. Baina kontutan izan behar dugu gazteok ez garela alkohol kontsumitzaile talde zabalena; horregatik kanpaina hauek gazteei baino, gizarte osoari zuzendu behar direla azpimarratzen dugu.

Dantzak Nagoreren oroimenez

Atzo, abenduaren 14an ehundaka familia kide eta lagun bildu ginen Irungo Artaleku kiroldegian Nagore Laffage gogoratzeko.
Nagore, sei urte zituelarik, hasi zen gimnasia erritmikoa egiten eta hainbat urte ekin zion dantza mota honi, 18 urterekin Iruñara ikastera joan zen arte.
Egia esan, gure koadrilakoek sorte handia izan genuen antolatzaileek familia, lagun eta autoritateentzako (Irungo alkatea eta Gipuzkoako junta orokorretako zuzendaria, beste batzuen artean) lekua erreserbatu zutelako. Beraz, erdian eta leku hoberenean kokatzeko aukera izan genuen, modu horretan ekintza asko disfrutatuz.
Ekimena hasi aurretik, hainbat detaile izugarri politak ikusi ahal izan genituen. "Por tu ausencia, Nagore, Zure oroimenez" agertzen zen pankarta baten ondoan, Nagorek erabiltzen zituen gimnasiako tresnak kokatu zituzten eta horrekin batera, Nagoreren kide pare batek bi lore sorta kokatu zituzten.
Omenaldian, Gipuzkoako 26 dantza taldeek hartu zuten parte eta ukaezina da emanaldia ederra izateaz gain, oso hunkigarria izan zela. Horrela izanda, bere familia eta lagunok ezin izan genuen malko jarioa ekidin.
Nagoreren amak, Asun Casasolak, esan zuen bezala, ekintza mota hauetatik jasotako babesa indarra ematen digute eta gure borrokarekin jarraitzera bultzatzen gaitu.
Argi dago gure esku artean dagoen bitartean justizia bilatzen jarraituko dugula. Horregatik urtarrilak 17an beste kontzentrazio bat burutuko da Irungo udaletxeko plaza nagusian.

viernes, 12 de diciembre de 2008

Minbizia, garaitu daitekeen erronka

Duela aste bat, unibertsitateko lagun batek bere ikaskideari gertatutako esperientzia kontatu zidan eta zur eta lur utzi ninduen. Hori dela eta, neska honen istorioa zuekin konpartitzea erabaki dut lagungarri izateko asmoz.
Edonork pentsa zitekeen 22 urteko neska honen bizitza erabat arrunta zela, edozein ikasleren bezalakoxea. Dena dela, bazuen berezitasun bat bere ikaskideengan arreta erakartzen zuena; bere argaltasuna, hain zuzen ere. Arrazoi horrengatik arropa zabala janzten zuela pentsatzen zuten askok, baina, usteak besterik ez ziren.
Nire laguna neska honekin lau urtetan zehar ikasten egon da, elkarrekin lanak burutzen; azken finean, ikasleek euren artean izan ditzaketen bizipenak konpartitzen. Laugarren urte horretan bere ikaskidearen sekretua ezagutu du, hau da, bularrean tumore bat zuela. Izan ere, neska honek bi urtetan zehar tumorea ezkutatzen ahalegindu da eta ez dio sekretua inori kontatu nahi izan, ez bere familiari, ez lagunei eta ezta mediku bati ere. Gaixotasuna ezkutatzearen ondorioz, tumorea gaizkitzea eragin zuen eta azkenean ospitalean ingresatu behar izan zuten. Hasiera batean, familia eta lagunek ezin zuten sinetsi neskari gertatutakoa eta, are gutxiago, honek bi urtetan zehar izandako jokabidea.
Gaixotasunarekiko beldurrak eta ezjakintasunak eragin zion jarrera hori edukitzea. Bere eguneroko bizitza naturaltasun osoz eramaten ahalegintzen zen, baina ez zen ohartzen ezjakintasunak edo ahanzteak ez zuela tumorea desagertuko, baizik eta okertu egiten zuen.
Zorionez, ez da beranduegi izan tumorea sendatu ahal izateko, baina bere bizitza arriskuan jarri du. Orain, pixkanaka gaixotasunetik suspertzen ari da.
Jendea eta, batez ere, gazteak ohartu behar dira minbizia edukitzeak ez duela esanahi hiltzera kondenatuta dagoenik. Gainera, gorputzean ezohiko edozer ikusterakoan segituan mediku batengana jo behar dugu. Eta oraindik garrantzitsuagoa dena, ez dugu gaixotasuna bakarrik eraman behar, hau da, familiaren eta lagunen bermea ezinbestekoa da.
Laburbilduz, gizartea minbiziari buruz informazio gehiago izan beharko lukeela uste dugu, neska honek izandako jarrerak gutxitzea eragin dezakeelako. Eta azkenik, animo guztiak neska honentzat eta azkar sendatzea espero dugu.

miércoles, 3 de diciembre de 2008

Abortoa gazteen artean


Azken hamar urteetan abortoen kopurua Espainian bikoiztu egin da; gaur egungo datuen arabera, egunero 307 neskek eten egiten dute beren haurdunaldia.
Izan ere, pasa den urteetako datuen arabera, 112.000 emakumeek abortatu zuten 2007. urtean, 2006an baino %10 gehiago.
Betidanik jakin dugu asko direla erabaki garrantzitsu hau hartzen duten emakumeak, baina harritzekoa da gaur egun emakume gehienak oso gazteak izatea. Aborto gehienak 20-24 urte bitarteko neskeen artean ematen dira, baina 19 urtetik beherako nesken kopurua ere izugarri handituz doa; azken urte honetan nesken %13ak abortatu du 19 urte baino gutxiagorekin.
Espainian haurdunaldiaren etena hiru arrazoiengatik burutu daiteke: amaren bizitza arriskuan egotea, fetoa deformazio handiak izatea edo haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa izatea.
Hiru arrazoi hauek guztiz egokiak dira, beti ere, pertsona baten bizitza eta segurtasuna kolokan badago.
Izan ere, badira neska ugari haurdun geratzen direnak bikotearen errespontsabilitate falta baten eraginez. Ondorioz, neska horiek haurdunaldia gelditzea erabakitzen dute.
Bakoitzak badaki zer egin behar duen bere bizitzarekin, baina ume bat bizitzea ala ez erabakitzeko eskubidea ez dugula uste dugu. Hau da, ez zaigu ondo iruditzen jendea abortatzea, haurdunaldia babes faltagatik izan bada edo haur bat nahi ez duelako. Lehen esan dugun moduan, ez dugu eskubiderik pertsona baten bizitzarekin jolasteko.
Zaila bada ere, gure gizartean abortoen kontua kontrolatuagoa egon beharko lukeela uste dugu eta hau burutzeko arrazoiak pisukoak izan beharko lirateke.

martes, 2 de diciembre de 2008

Fakultatea, etsipen handia?

Berri jakin dugunez, unibertsitateko hiru ikasleetatik batek ikasketak bertan behera uzten ditu. Arrazoi nagusiak bokazio falta eta desilusioa dira.
Egia esan, larrituta geratu gara datuak ezagututa, ikasleen %20 ez baititu gustoko ikasketak burutzea, hiru ikasleetatik batek ikasketak kurtsoaren erdian utzi egiten ditu eta ikasleen %30 karrera lehenengo kurtsoa amaitu ondoren utzi egiten du.
Izan ere, ikasle askok ez dute maite ikasten dutena eta beste askok ez dute biderik ikusten etorkizunari begira.
Honen adibide argia gure karrera da; kazetaritza. Guri, pertsonalki, mila aldiz errepikatu digute kazetaritzan dagoen lan falta eta etorkizunean beste edozein lanetan arituko garela.
Egia izan daiteke, baina espero dugu ezetz. Gutxienez, zoriontsu izango gara gustuko duguna ikasi dugulako.
Honek ez du esan nahi gure etorkizunean pentsatzen ez dugunik. Baina, biziki espero dugu gauzak aldatzea eta ikasle guztiak zoriontsu izateaz gain, ikasitakoaren inguruan lana aurkitzea.
Modu horretan, hasieran aipatutako datu etsigarriak murriztu lirateke.

Euskara kolokan Batxillergoko ikasketetan

Pasa den ikasturtean 1629 ikasle euskaldunek beren ikasketen hizkuntza aldatu egin zuten. Hau da, B (erdia euskaraz eta beste erdia erdaraz) eta D (dena euskaraz) ereduetan aritzetik, A eredura (dena erdaraz) aldatu ziren.
Nahiz eta kopuru hau murritza izan gainontzeko ikasle euskaldunen kopuruarekin alderatuz, kontutan hartu beharreko zenbakia dela uste dugu.
Izan ere, euskara gure hizkuntza da eta gazteek hori baztertu nahi izatea arazo larria dela uste dugu. Horregatik, honen arrazoiak ezagutu behar dira eta arduradunek ahal duten guztia egin behar dutela pentsatzen dugu; berri ezagutu dugun kopuru hau handitzen jarraitu ez dadin.