domingo, 30 de noviembre de 2008

Goi mailako prestakuntza zikloa edo unibertsitate ikasketak?


Gurasoen %75a beren seme-alabek unibertsitate ikasketak burutzea nahiago dute goi mailako prestakuntza ziklo bat baino. Dena dela, goi mailako zikloek eskaintzen dituzten abantailak gero eta erakargarriagoak bihurtzen ari dira ikasleentzat eta bi aukeretatik zeinen alde egitea dudakoa suertatzen ari da zenbait kasutan.
Izan ere, uste hedatua da unibertsitateko ikasleek gehiago kobratzen dutela; baina, zein unibertsitate ikasketak egiten dituzunaren arabera gerta daiteke horrela ez izatea. Gainera, zenbait ikerketek aurkitu dute goi mailako zikloa burutu dutenen langabezien tasa baxuagoa dela unibertsitarioena baino. Horrez gain, goi mailako zikloa ikasi dutenen %80a sei hilabete baino lehenago lana aurkitzen du; unibertsitarioen kasuan berriz, %50ari baino ez zaio hori gertatzen. Eta horiek ez dira goi mailako zikloen abantaila bakarrak. Alabaina, zikloa bi urtetan burutzen den bitartean, unibertsitate ikasketak gutxi gorabehera bost urtetan egiten dira.
Beraz, goi mailako zikloen inguruan zeuden topikoak pixkanaka desagertzen ari dira; besteak beste, ikasteko balio dutenak unibertsitatera joaten direla eta balio ez dutenak berriz, goi mailako zikloetara. Argi dago, zikloek garapen handia izan dutela eta ikasle guztiak ez dira zertan unibertsitatera joan behar etorkizun laborala bermatu ahal izateko.
Hala eta guztiz ere, ez da bidezkoa egungo unibertsitarioei ematen zaien tratua eta bi aukera hauen arteko aldeak handiagoak izan beharko liratekeela uste dugu. Ez da bidezkoa lizentziatura eta master bat edukita goi mailako zikloa egin duen pertsona baten soldata antzekoa izatea.
Beraz, unibertsitate ikasketei dagokionez aldaketak egotea espero dugu, ingeniaritza edo medikuntza ikasten ez dugunok ere etorkizun laboral duin bat merezi dugu eta!

Hamar drogazaletik bat nerabea


Nerabeek kokaina bezalako substantziak gero eta adin txikiagoarekin kontsumitzen dituzte. Haurrentzako eta gazteentzako psikiatria-kontsultak gaixo-mota berriekin betetzen hasi dira. Haurrak 11 edo 12 urterekin alkohola kontsumitzen eta haxixa erretzen hasten dira. 15 urte bete dituztenerako beste substantzia batzuetara pasatu dira asko: besteak beste, kokaina, anfetaminak, edota ketamina, albaitariek animalientzako lasaigarri gisa erabiltzen duten haluzinogeno handi bat.
Baina, zer gertatzen ari da egungo gazteekin? Zer dela eta jotzen dute euren bizitzak arriskuan jartzera?
Gazteak drogaren munduan gero eta gehiago murgiltzen dira. Arrazoia ez da gaiaren inguruko informazio eza dutenik edota arriskuak zeintzuk diren ezagutzen ez dituztenik, baizik eta bizitza estilo ezberdin bat bizitzeko nahia da guzti honen iturburu. Izan ere, haientzat drogek dibertimendua eta eguneroko bizitzaren deskonexioa bermatzen dute.
Horrez gain, drogamenpekotasuna jasaten duten askok eskola-porrotarekin eta delitu-egintzarekin zuzenean lotuta daude. Pertsona hauengan eskola-absentismoa eta lau irakasgai baino gehiago suspendituta edukitzea ohikoa da edota, oraindik okerragoa dena, ikasketak utzi dituzte eta ez dute lanik ere egiten! Izan ere, eskola edo institutuko irteera, diskotekak edo parkea drogak kontsumitzeko toki bihurtzen dira.
Ikerketek diotenaren arabera, drogak kontsumitzen dituzten gazteen %76a mutilak dira eta %24a neskak. Gainera, hauek ez dira euren menpekotasunaz ohartzen eta gehienetan gurasoak dira beren seme-alabak tratamendu baten esku jartzera bultzatzen dituztenak.
Gezurra badirudi ere, drogamenpekotasuna gero eta nabarmenagoa da gazteen artean. Egoera honen hedapena ekiditeko funtsezkoa da gazteek drogaren egoeraz jabetu daitezen. Beraz, zenbat eta gehiago jakin drogari buruz, orduan eta hobeago aurre egingo diogu!

Gazteen gorputz-jarrera ezegokia


Zenbat aldiz kexatu gara bizkarreko edo lepoko mina dugulako? Gezurra badirudi ere gizarteko %90a bizkarreko mina duela aitortzen du. Oinaze hauek, batez ere, lan edo ikasketa garaietan ematen da, sasoi horietan etengabe egon behar baikara idazmahai edo ordenagailu baten aurrean edota, ikasleen kasuan, egunero bizkarrean kristoren zama eramaten.
Etengabeko gorputz-jarrera ezegokiek bizkarreko min kronikoak sor ditzakete. Hori dela eta, hainbat aholku emango dizkizuegu, lagungarriak izatea espero dugularik.
Hasteko, motxilen gehiegizko pisua saihestu. Honek zona lunbarrean eragiten du batez ere eta, horregatik, motxilaren beheko aldea gerritik 5 cm gorago kokatuta egon behar da. Beraz, motxilak ipurdiko altueran ipintzearen moda zeharo kaltegarria da! Horrez gain, motxilaren tiranteen zabalera gutxienez 4 cm-koa izatea gomendatzen da eta motxila bi sorbaldetan eraman; horrela, barneko pisu guztia egoki banatuta egongo da.
Bestetik, idazmahaiari dagokionez, tiraderarik eta beheko apalik gabekoak dira zuzenenak. Modu horretan, hankak bete-betean sar daitezke hutsunean. Gainera, mahaiaren altuera egokia izateko besaurreak bertan ondo finkatuta egon behar dira gorputza tente egotea eraginez. Aulkia berriz, erregulagarria izan behar da ikaslearen hazkundearekin doitu ahal izateko eta oinak lurrean ongi finkatuta geratu behar dira.
Azkenik, ordenagailu edo eramangarrien inguruan honako hau azpimarratzekoa da: pantaila 45 cm-ko distantzian ipini behar da, begien altuera baino pixka bat beherago. Inoiz ez dugu teklatua belaunean jarri behar eta aulkia teklatutik ahalik eta hurbilen ipini behar da, jarrera inklinatua ekiditeko.
Egia da arau guzti hauek ikasle gutxi batzuk betetzen dituztela, baina gorputz-jarrera ezegoki hauek lehenbailehen aldatuz gero, etorkizunean bizkarreko eta lepoko min ugari saihestu ahal izango ditugu. Gure gorputzak eskertu egingo digu; beraz, ez dezagun denborarik gal!

domingo, 23 de noviembre de 2008

Gehiegizko indarkeria diskoteketan



Pasa den astean Madrilgo diskoteka bateko segurtasun gizonek borroka bat sortarazi zuten gazte batekin. Zoritxarrez, borrokaren garrantzia handituz joan zen eta azkenean segurtasunekoek gaztea hil zuten.
Azken denboraldian gai honekin erlazionatutako berri asko entzuten ari gara eta honek gogoeta serio bat egitera bultzatu gaitu.
Erabat normala da gaur egungo gazteak parrandan joatea, lagunekin ateratzea eta ondo pasatzea. Normala ez dena da, ateratze hori arriskutsua izatea eta, are gutxiago, gazte errugabe bat hila suertatzea.
Beraz, argi dago erabat beharrezkoa dela segurtasun langileak festa guneetan egotea, baina gazteen gain boteretsu sentitu gabe eta are gutxiago biolentzia erabiliz.
Gure ustez, berri hau gazte guztiongan eragina dauka gure segurtasuna kolokan ikusten baitugu.

Sukaldaritza, gainditzear dagoen irakasgaia

Dieta mediterraneoa zein den badakigu, elikadura-piramidea oso abiadura handian errezita ditzakegu; baina, nork daki benetan janaria prestatzen?
Bai, gazteez ari gara, 18 urterekin oraindik sukaldean maneiatzen ez dakiten gazteez. Izan ere, ikasle askok etxetik kanpoko esperientziak lehendabiziko aldiz bizi behar dituztenean, guztiz ezezagunak diren etxeko lanekin topatzen dira. Horien artean, janaria prestatzearen arazoa dago.
Ekintza honen ezjakintasunak gurasoek prestaturiko “tupper”ak, aldez aurretik prestatua izan den janaria eta pasta eta plantxan prestatutako haragi ugari jateko ohitura sortzen du ikasle askorengan. Eta jakina, okerkeria honek kalteak besterik ez ditu eragiten; ezagunena, gizentasuna da.
Arazo hau ekiditeko herrialde ezberdinetan mota askotako irtenbideak martxan jarri dituzte. Esate baterako, Britainia Handian, Jamie Oliver sukaldari ospetsuak, sukaldaritza eskoletako derrigorrezko irakasgaia izatea bultzatzen ari da eta, badirudi, 2011. urtetik aurrera horrelaxe izango dela.
Eta ez hain urruti, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPN) hain zuzen ere, gazteen artean sukaldaritza sustatzeko beste ideia bat izan zuten. Unibertsitateko kafetegia bat-bateko sukaldea bihurtu zuten eta bertan José Luis Aranguren sukaldariak eta Itxaso Oiza dietistak janari osasuntsua modu erraz batean prestatzeko klaseak eman zizkieten ikasleei.
Hala eta guztiz ere, ongi eta anitz jaten ikasteko bultzatu diren ekimenak urriak izan dira eta gazteek ez dute interesik agertzen euren kontuz ikasteko. Hortaz, gure ustez, ikastoletan sukaldaritza hautazko irakasgai gisa egon beharko litzateke, eraginkorragoa eta baliagarriagoa delako musika edota plastika ikastea baino.

Gazteen ezjakintasuna sexismoaren inguruan

Pasa den astean El Diario Vasco egunkarian albiste bat irakurri genuen gazteak euren erlazioetan indarkeria sexistaz ohartzen ez direla azaltzen zuena. Guztiz deigarria iruditu zitzaidan uste bainuen jarrera sexistak gero eta urriagoak zirela denbora pasa ahala eta, are gehiago, gazteen artean. Baina, badirudi oker nengoela.
Albistean irakur zitekeen nola gizonek emakumeak mendean hartu dituzteneko egituretan hazi eta hezi diren egun unibertsitatean dauden gazteak. Generoen araberako rol eta estereotipoak oinarri hartuta eraiki dituzte maitasunaren eta erakargarritasunaren inguruko ideiak. Dena dela, hori ez da arazo larriena, jarrera horretaz ohartzen ez direla baizik. Uste dute genero indarkeria helduen bikote harremanetan soilik gertatzen dela.
Izan ere, 18 eta 20 urte bitarteko unibertsitateko ikasleei egindako inkesta batek zioen emakumeek babesa eta segurtasuna ematea eskatzen diotela bikotekide idealari; gizonek, aldiz, emakume politak eta erakargarriak nahi dituzte. Beraz, eskakizun hauek argi uzten dute estereotipo tradizionalak indarrean jarraitzen dutela.
Gainera, emakume gazteei zaila egiten zaie bortizkeria zantzuak identifikatzea, batez ere, indarkeria fisikorik ez dagoenean. Adibidez, neskek ez dute gaizki ikusten gizonek eskuko telefonoa miatzea, emakumeei bere lagunekin joan ez dadin eskatzea edo nola jantzi behar duten esatea.
Hortaz, argi dago egungo gazteriaren hezkuntzan sexismoa zintzilik dagoen gaia dela eta gehiago edo hobeago jorratzea izango litzateke egokiena, etorkizunean indarkeria sexistan oinarritutako bikoteak egotea nahi ez badugu.

miércoles, 12 de noviembre de 2008

Internet, gazte baten hilketaren errudun


Gaur egun ohikoa da gazteen artean internet erabiltzea. Izan ere, "messenger", "fotolog" edo "tuenti" erabiltzen ez duen gaztea arrarotzat hartzen da.
Hasiera batean, errudunak diruditen web gune hauek gazteen artean erabiltzen ziren euren artean hitz egiteko, argazkiak erakusteko eta jendea ezagutzeko.
Dena den, jakin dugu mutil batek 14 urteko neska bat hil duela, neskak bien arteko argazki batzuk jarri zituelako "fotolog" izeneko gunean.
Gure ustez, oso larria da internet hilketa baten arrazoia izatea eta, are gehiago, 14- 15 urteko gazteen artean ematen bada. Beraz, gazteen arteko interneten erabilera kontrolatuagoa egon beharko litzatekeela biziki defendatzen dugu.

Autonomia arazoak

Bilbon aurkeztu den azterketa baten arabera, gaur egungo gazte euskaldunok ez dugu inolako erraztasunik etxetik alde egiteko. Honen arabera, gazteek gero eta beranduago irteten dira gurasoen etxetik arrazoi zehatz batengatik: autonomia ekonomikoa norberaren etxea mantetzeko. Azterketaren arabera, gazteek etxetik alde egiteko beharrezkoak diren faktoreak 30 urte betetzerakoan lortzen dituzte. Izan ere, gazte espainolak eta horien artean euskaldunak, portugaldar eta italiarrekin batera, etxetik beranduen alde egiten dutenak dira Europa osoan.
Beraz, argi dago gazteak alferrak garela mantentzen duen mitoa ez dela egia eta politikoek kontu honetan arreta gehiago jarri beharko luketela uste dugu.

Itxura gaitasunen gainetik

Pasa den astean gure ezagun batek arropa denda batean lan egiteko elkarrizketa egin zuen. Bertatik lortu zuen erantzuna ezin zen okerragoa izan. Curriculumean ikasketak eta esperientzia profesionala azaldu arren, denda horretan lan egitea ukatu zioten. Arrazoia sinplea zen: itxura fisikoa.
Ikusi dugunaren arabera, gaur egungo multinazionalek garrantzi handiago ematen diote aparientzia fisiko eta publikoari begira ematen den irudiari, lan egiteko gaitasunei baino.
Ez da beharrezkoa esatea hautaketa irizpide hau erabat bidegabekoa dela. Hala ere, gaur egungo gazteek bizi eta jasan behar dugun arazoa da.

domingo, 9 de noviembre de 2008

Odol emaileen kopurua gora


Azken urteetan odol emaileen kopurua handituz joan da. Aipatzekoa da kopuru hori asko igo dela, batez ere, Euskadin eta gazteen artean. Euskadiko odol emaileen elkarteak odola ematearen ideia bultzatzen ari da eginkizun desberdinen bidez; aipagarriena, autobusarena da. Honen bidez, mediku eta erizainez osatutako autobus berezi bat hiriko puntu desberdinetan kokatzen da, horrela emaileei erraztasunak eskainiz. Puntu zehatz bat unibertsitatea izango litzateke eta, gure kasuan, Leioako kanpusa. Bertan gazteei odola ematea eskatzen diete, hauek baitira pertsona osasuntsuenak eta odola emateko aproposenak.

Aste hauetan zehar autobusa Leioako kanpusean gazteen zain egongo da. Beraz, guztioi animatzen zaituztegu laguntza hau emateko; oso gutxiren truke gauza handia lortu ditzakegulako.

sábado, 8 de noviembre de 2008

Gazteak, etorkizuneko belaunaldi gorra

Azken urteotan teknologiaren garapena egundokoa izan dela zalantzarik gabekoa da. Hala ere, aurrerapen honek ez du soilik biztanleen bizitza hobetu. Teknologia berrien erabilera txarra edo gehiegizkoa baldin bada arazoak sor ditzake.
Hain zuzen ere, honen adibide argia iPod-a eta mp3-a dira. Kalteak, batez ere, gazteek pairatzen dituzte hauek baitira gehien erabiltzen dituztenak.
Zientzialariek eta adituek aurkitu dute gazteen artean entzute-arazoak garatzen ari direla musika bolumen altu batean entzuten dugulako. Izan ere, mp3 edo iPod batekin 115-120 dB-ko bolumena duen musika entzun daiteke. Adituek diote 85 dB-ko soinuak denbora luzez entzutea entzute-arazo larriak sor ditzakeela. Beraz, imagina ezazue 120 dB-koak entzuten baditugu!
Honek dakarrena da gazteak helduen belaunaldiko entzute-arazoak goizago garatzea. Hortaz, 70 urterekin ohikoak diren entzute-arazoak gazteok 50 urterekin pairatuko ditugu. Benetan, hori al da lortu nahi duguna?
Entzumenaren galerak bizitza erabat zaildu dezake, gure familia eta lagunen arteko komunikazioa zeharo oztopatzen baitu.
Hori dela eta, beranduegi izan baino lehen, alda ditzagun gure etorkizuna!

SMS hizkera


Atzo, azaroak 7, Tele 5eko teleberrian gaur egungo gazteek dena laburtuta idazteko ohiturari buruz hitz egin zuten. Moda hau "SMS hizkera" gisa izendatu zuten.
Gai honen inguruan gogoeta egin ondoren konturatu nintzen berriak agertutakoa egiazko jazoera dela. Hau da, egungo gazteen ehuneko handi batek, horien artean unibertsitateko ikasleak, ez daki zuzen idazten eta akats ortografiko lotsagarriak egiten ditu. Esate baterako, messengerra, mugikorren bidez mezuak bidaltzea, Bloga, Tuentia eta abarrek eragin dute hitz guztiak laburtzearen moda.
Eta ez hori bakarrik, gaztelaniaz idaztean, "que" jarri ordez "k" edo "q" idazten dugu, "por" ordez "x", galdera eta harridura ikurrak esaldiaren amaieran soilik idazten ditugu, "h"ak zuzenean ez ditugu idazten eta mota honetako beste hainbeste aldaketak burutzen ditugu.
Hasiera batean, hizkera hau mugikorreko mezuetan bakarrik erabiltzen zen mezua merkeagoa izateko helburuarekin. Hala ere, moda hau arlo askotara hedatu da eskolan idazlan zuzen bat idazten ez jakiteraino! Sinestezina, ezta?
Beraz, gogoeta egin beharko genuke hizkuntza bat bere hiztunen maila ekonomikoaren edo, sinpleki, alferkeriaren menpe egotea merezi duen ala ez.

domingo, 2 de noviembre de 2008

Eztanda Nafarroako unibertsitatean


Pasa den ostegunean, urriak 30, ETAk bonba bat jarri zuen Nafarroako unibertsitateko campusean, goizeko 12ak inguruan lehertu zena. Hainbat zauritu egon arren, ez da hildakorik suertatu eta horregatik ikasle gazteek hainbat mobilizazio prestatzeko indarra atera dute. Ostiralean, goizeko 12etan kontzentrazioak egon ziren batez ere Nafarroako unibertsitatean, baina baita Donostian eta Bizkaiako campusetan ere.
Izan ere, ostiralean bertan ikasleak klasera bueltatu ziren, modu horretan atentatua salatu nahi zuten eta, aldi berean, ETAren ekimenak ez dituztela bildurtuko argi utzi.
Beraz, gaur egungo gazteek ahotsa eta iniziatiba dute eta nahiz eta gazteak izan gauza on asko egiteko gai direla erakutsi dute.

sábado, 1 de noviembre de 2008

Bizkaibus, gero eta garestiago


Unibertsitatera joateko ikasleon eguneroko bidaia gero eta garestiago bihurtzen ari da.
Gaur egun, Bilbotik Leioara joateko, Creditrans-ari esker 1,05€ ordaintzen dugu bidai bakoitzeko. Hortaz, astean bost egunez klaseak edukiz gero 10,5 € ordaintzen dugu, hau da, hilean 42 € edo, berdina dena, kurtso osoan 336 €. Ez dago eskubiderik!
Lapurreta honen aurka ekimen ezberdinak burutu diren arren, ez da inolako emaitza positiborik lortu. Hala ere, ikasleok ez dugu etsi behar. Ez dugu zertan gehiegizko prezio hauek ordaindu behar zerbitzu osogabe batengatik.
Izan ere, Bizkaibus oso garestia izateaz gain, zerbitzuaren kalitatea ere nahiko eskasa da. Esate baterako, maiztasun gutxiko zerbitzua da, askotan autobusak geltokietara berandu iristen dira edota, sinpleki, ez dira iristen (Hori dela eta klaseetara berandu iristen gara, eta ez lo geratu garelako), ez dute autobusen aforoa errespetatzen errefortzuak ez jartzeagatik, eta abar luze bat.
Beraz, anima zaitezte Bizkaibusen prezioen aurka burutuko diren ekimenetan parte hartzera eta protesta ditzagun prezio duinen alde!